Espainiako Gobernu presidenteari “euskal gizarteak erabakitzeko eskubidean oinarria duen autogobernuarekin konpromisoa” duela esateko eskatu dio Iñigo Urkulluri Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta EH Bilduko legebiltzarkideak.
Espainiako Gobernuan egin den erreleboak Euskal Herriari ekarriko dizkion benetako aldaketekin itxaropen gutxi duela aitortu du Urizarrek, baina Sánchezekin bilera egitea “egoera berria zuzenean baloratzeko logikoa” dela esan du. Testuinguru horretan, bilera “EAE eta Espainiaren artean harremanak ereduak berresteko edo harreman eredu hori Erkidegoak behar duen Estatus berrian sartzeko” aprobetxatuko duen galdetu dio Urkulluri.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak gogoratu duenez, “Autogobernu Ponentziak Euskadi eta Estatuaren artean berdintasun harremana lortzearen alde egin du”. Eta hori lortzeko “gakoa borondate politikoa” dela azpimarratu du, legedia gizartearen borondateari bide emateko dago eta ez bera ukatzeko.
Atzo Asparrenan hilik aurkitutako emakumea gogoratuz hasi du bere hitzartzea, biolentzia matxistaren enegarren biktima baita. Horrez gain, “Nafarroan gertatu den hirugarren bidegabekeria” ere salatu du: “Taldean egindako bortxaketa basatia izan zen lehena; sexu abusu soil bezala tipifikatzea, bigarrena, eta bortxatzaileak fidantzapean uztea, hirugarrena”.
Subiranotasun ekonomikoa
Zentzu berdinean, Leire Pinedo legebiltzarkideak Sánchezen bileran subiranotasun ekonomikoa sendotzearen beharra balioan jartzeko eskatu du. Aurrekontuan ezarritako erronkei nola aurre egingo dion galdetu dio Aspiazu sailburuari Pinedok, Madrilek aginduta gastu publikoari mugak jartzen zaizkion legeak errespetatuko diren zehazteko beharraz azpimarratuta.
Bestelako bidea egin daiteke, zorra eta zerga sistemari dagokionean, esan du Pinedok, “gure ekonomiaren erronka eta beharrei erantzuteko”. “Bidea egin dezagun, hau da Madrilek ezarri duena, beraz hau da dagoena esan gabe”, adierazi du Pinedok, gai sozialetan egondako murrizketei buelta emateko beharra gogoratuz.