EAEko hiru diputazioei dei egin die Patxi Martínez de Albenizek bidesariei buruzko politika adostu dezaten, “eta hobeto Hegoalde osorako bada, baita lurralde zabalagoa hartzen badu ere”. EH Bilduko batzarkidea eta EAko kideak “EAEtik zehar igarotzen den AP-68ko tartea euskal erakundeen esku egoteko transferitzea” aldarrikatu du era berean.
Autobideen ohiko erabiltzaileentzat hobariak eskatu ditu Martínez de Albenizek, mugitzen diren herrialdean mugitzen direla. Aiarako biztanle askok, adibidez, “Bizkaian lan egiten dute eta Galdakaoko ospitalera joan behar dute baina ez dute inolako hobaririk jasotzen. Gasteizera lanera etorriko balira jasoko luketenak hartzea litzateke logikoena”, batzarkideak esan duenez. Puntu honek talde guztien babesa jaso du gaurko Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran.
Zalantzarik ez du Martínez de Albenizek erabiltzaileek autobideak ordaindu behar dituztela esateko orduan: “Aldundiaren aurrekontua mugatua da, eta ezin zaizkio autobideen mantentze lanek behar dituzten baliabideak kendu, gizarte zerbitzuetako baliabideak, adibidez. Gehiago edo gutxiago ordaindu behar den eztabaidatu dezakegu, zein hobari ezarri, baina erabiltzaileek ordaindu behar dute”.
Egin behar den beste eztabaida bat “sortzen duten kutsaduraren araberako hobariak da, Europan egiten den bezala”.
Tokian tokiko administrazio elektronikoa
Gai ordeneko beste puntu batean, erakunde lokalek kalitatezko on line zerbitzuak eskaini behar dutela adierazi du Nerea Martínez Cerrillok, erakunde publiko gertuagokoa, eraginkorragoa, gardenagoa eta parte hartzaileagoa lortzeko.
Horregatik, ahalegin horretan Aldundiak udalei eman dien laguntza eskasa kritikatzeaz gain, aurtengo urrian administrazio elektronikoaren zerbitzuak eman ahal izateko udalek behar duten laguntza eta bitartekoak emateko eskatu dio Martínez Cerrillok Diputazioari. Gai honetan ere adostasuna lortu dute taldeek, herri erakundeen lana laguntzeko asmoz.