Euskal Herriko bake prozesua, Frantziako Konstituzioaren erreforma eta Europar Batasuneko demokratizazio prozesuari buruzko jardunaldiak antolatu ditu aste honetan Eusko Alkartasunak Baionan “Regions et peuples solidarires”-ekin batera. Frantses estatuko indar politiko erregionalista, nazionalista eta independentisten Aliantza da RP&S.
Lapurdiko hiriburuko “Le Bayonne” hotelean egingo ditu Udako Unibertsitateak jardunaldiak, abuztuaren 23 eta 24ean eta interesa duen guztiak sarrera librea izango du. Aurten Euskal Herriko bake prozesua eta bere garapen instituzionala aztertuko da arreta bereziarekin, Jean-Nöel “Txetx” Etcheverry Bakearen Artisaua eta Ipar Euskal Herriko Elkargoko presidentea den Jean-René Etchegarayren parte hartzearekin. Era berean, Frantziako Konstituzioaren erreforma ere aztertuko da, Wanda Mastor, Zuzendibe Konstituzionaleko irakaslea eta Korsikako Estatutu Konstituziogileari buruzko txostenaren egilearekin. “Europar Batasuna demokrazia al da?” galderaren inguruan ere eztabaida interesgarria antolatu da, Jean Quatremer kazetariaren gidaritzapean.
Bretainia, Korsika, Okzitania, Alsazia, Savoia, Katalunia eta Euskal Herriko alderdi autonomista eta independentistek Europar hauteskundeetako prozesua martxan jartzeko ere baliatuko dute topaketa, guztiak koalizio handia eratuta aurkeztuko baitira.
Europar ekitaldi hauen bidez gizarte justizia oinarri duen Herrien Europa lortzeko lan egiten jarraitzen du Eusko Alkartasunak, Frantses Estatuko Europako Aliantza Librearen kideekin batera.
Miren Urreztieta, Iparraldeko Eusko Alkartasunako koordinatzaileak honakoa azaldu du jardunaldiei buruz: “Herri guztientzako Europa posible izateaz gain, ezinbestekoa da europar proiektuak etorkizuna izatea nahi badugu, edo, bestela esanda bere existentzia bera ere arriskuan jarri nahi ez badugu. “Régions et Peuples Solidaires” eta bera osatzen dugun alderdiontzat, eraikuntza nazionala gizartearen aurrerapen, aberastasunaren banaketa, gizarte justizia eta nazioarteko elkartasunaren eskutik doa. Bizitza kalitate eta kalitatezko demokrazia nahi dugu gure herrientzat eta horregatik gure herrien subiranotasuna aldarrikatzen dugu, baita gure hizkuntza eta kulturen aitortza eta bizitza duinerako eskubidea ere”.
RP&Sren web orrian dago egitarau guztia:
https://www.federation-rps.org/universit%C3%A9-d-et%C3%A9/universit%C3%A9-d-%C3%A9t%C3%A9-2018/programme/