“Derrigorrezko soldadutzaren aurrean intsumitu eta objetore izan eta horregatik kartzela zigorrak eta inhabilitazioak pairatu zituzten pertsona guztiei” errekonozimendua egiten duen ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, “desmilitarizatutako gizarte bakezalea lortzeko aurrera eraman zuten konpromisoa eta borroka baketsuarengatik”.
Proposamena aurkeztu duen Maiorga Ramirez harro agertu da Nafarroako gizartean eman zen mugimenduarengatik. “Nafarroan gertatutakoa ez zen beste leku batzuetan gertatu”, gogoratu du: “izan ere, Estatuko biztanleria osoaren %1,3a da Nafarroakoa eta une batean, Estatuan zeuden intsumitu guztien erdia nafarrak ziren”.
UPN eta PPren kontrako botoak eta PSNren abstentzioa izan duen mozioa onartu izana “historikotzat” jo du Ramírezek, “kontzientzia eragozpen mugimenduan parte hartu zuten pertsonen aitortza garrantzitsua delako, desobedientzia zibiletik abiatuta borroka baketsuaren eredu ezinhobea delako, eta kontzientziak mugiarazi zituztelako”.
Gazte askok ez dutela derrigorrezko soldadutzarekin amaitu zuen mugimenduaren berri azaldu du EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAko kideak, eta Nafarroako Gobernuak ere ez duela horretan parte hartu zutenen zerrendarik salatu.