Dieselari jarritako zerga eta energia trantsizioari buruz eztabaidatu dute gaur Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, PPk aurkeztu eta onartu ez den mozioaren harira. Energia eredu berri baterako aldaketa egiteko beharrezkoak diren urratsak emateko bidea gidatzeko eskatu die Nerea Martínez Cerrillok. Bide honetan, “neurri fiskalak beharrezkoak dira baina ez bakarrik fiskalak, bestela horiek dirua jasotze hutsean bihurtuko dira”.
“Ingurumena kontutan hartzen duen zerga sistema martxan jartzeko behar diren neurri guztiak praktikan” jartzeko proposamena egiten zuen emendakina aurkeztu du Martínez Cerrillok: Transizio ekologikoaren bidean jarri; kutsatzen duten produktu eta aktibitateen kontsumoa murrizten duen aldaketa orokorra bultzatu, eta jasangarriak diren aktibitateak eta teknologia garbien garapena posible egin.
Dieselaren inguruan hartzen diren erabakiak euskal automobilgintzan izan ditzaketen ondorioei buruz ohartarazi du batzarkide abertzaleak, eta sektorearen enpresa handiak “enpleguak kendu eta lan baldintzak okertzeko” aprobetxatzearen arriskua aipatu du: “Ekoizpen paroak iragarri dituzte dagoeneko”.
Ezkerra eta eskuinaren jarrerak ondo bereizturik gelditu diren eztabaidaren ondoren, azkenean Batzar Nagusiek ez dute ekimenik adostea lortu.