“Errauskailuaren auzian galdutako dirua errekuperatu nahi izanez gero, bankuei eskatu behar diete”
Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurka hasitako epaitegi bidea utz dezan eskatu eta herrialdeko gehiengoa ordezkatzen duten akordioak lortzeko deia egiten dio Gipuzkoako Eusko Alkartasunak EAJri. Errekurtsoarekin jarraitzeko erabakiak ez du errauskailuaren auzian galdutako dirua errekuperatzea helburu, “hori bankuei eskatzea hobe, beraiekin kontratatu zituzten gerora zorra sortu duten swap-ak”. Benetako helburua Gipuzkoako jendarteak berretsi zuen hauteskunde programaren arabera aritu zirenen kontrako “eragin pertsonal larriak dituen mendeku politikoa da”.
Eusko Alkartasunak azpimarratu du Aznarren Gobernuko ministroa izandako eta, beraz, EH Bildurekiko aurreiritzi positiboa ez duen Margarita Mariscal de Gante magistratuaren sententziak dioela proiektatuta zegoen balorizazio planta handiegia zela, eta beraz ez zen eraginkorra bideragarritasunik ez zuela ez esateagatik. EH Bilduren zuzendaritzapean egin den GHKren kudeaketari esker mankomunitateek ez dutela gainkostu handia ordaindu behar ere dio sententziak eta swapak ez direla Errazkin eta Intxaurrandietaren ardura, ez baitzituzten beraiek kontratatu.
Sententzia argia da, eta EAJ eta PSE-EE tematu egin dira, baina ez dirua berreskuratzeko, “helburua hori balitz, swap-ak kontratatu zituzten bankuei eskatu beharko zieten, zorraren abiapuntua bertan baitago”, esan du alderdiak. Mendeku politikoa da benetako helburua, kasu honetan ondorio pertsonal larriekin gainera, “eta, bide batez, EH Bilduren kudeaketari buruzko zalantza mantentzen saiatzea, nahiz eta ez dagoen ezer kritikatzeko”.
“EAJk, bere gobernukidearekin batera, oso jarrera arduragabea dauka, eta zaila da nola igaro duen jendarteari emandako hitza bete dutenei ardura pertsonalak eskatzearen marra gorria”, ohartu du Eusko Alkartasunak. “Kezka sortzen digu Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen gatazkak hartu duen bidea”, aitortu du alderdiak, horregatik deia egin die jeltzaleei adostutako konponbideari eta gai horretan Europan egiten diren politiken bideari heltzeko.