Lohitzune Txarolaren hitzaldia Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Alarde baztertzailearen harira:
Denok dakigu aurtengo Irailak 8an Hondarribiko kale nagusian bizitu zena, eta horren ondorioz hurrengo egunetan Hondarribian bizitu zen giroa eta geroztik dagoen ondoeza, eta dauden komentarioak. Urtero, Jaizkibel konpainiarentzat hain gogorra den Kale Nagusia aurten jasanezina bihurtu da, eta horrek geldi zegoen jende asko aurrerapausoak ematera eraman du, ongi etorriak izan daitezen noski aurrerapauso guzti horiek.
Urriak 19an, Hondarribiko emakume batek “mujeres de Hondarribia silenciadas” izeneko artikulua idatzi zuen, esanez orain arte isiltasunean mantendu zela familia babesteko eta lagunen artean osasuntsu ez zen eztabaida ez hastearren, esaten jarraitzeko bere hitzak izango duten ondorioen jabe ez dela.
“Soy una mujer hondarribitarra silenciada, y disfruto viendo el Alarde tal y como se desarrolla en la actualidad. Eso no me impide ver y aceptar que es un Alarde discriminatorio. Me gustaría que las mujeres desfilaran en las mismas condiciones que desfilan los hombres. No creo que por ello el Alarde perdiera solemnidad. Sería un Alarde adaptado al siglo XXI, donde las mujeres podrían decidir libremente si seguir disfrutándolo desde las aceras o disfrutarlo desde dentro.”
Emakume honek seme eta alaba ditu. Semeak alardean atera nahi du kubero, eta alabak ezin du, eta orduan konturatu da, berak ezin dituela bere seme-alabak berdintasunean hezi eta aldi berean bere haurrei azaldu semea atera daitekeela eta alaba ez, emakume izate hutsagatik, hori baita arrazoia eta arazoa, orain arte ez PSEk, ez PNVk, ezta PPk ikusi nahi izan ez badute ere.
Gaur arte, behin eta berriz entzun izan dizuegu alardea bizitzeko bi moduak errespetatu beharra dagoela. Barkatuko didazue, hori ez da horrela, ez dago alardea bizitzeko bi modu; alardea modu baztertzaile batean egin nahi dutenak daude, eta alardea berdintasunean bizi nahi dutenak. Ez dezagun ahaztu emakumea ez ateratzeko arrazoi bakarra, bat dela, emakume direla. Ba al dago hori baino arrazoi baztertzaileagorik?
Alarde baztertzailearen aldekoen argudioak babesteko ohituraren arrazoia aldarrikatzen dute. Alardea sortu zenetik hainbat aldaketa eta garapen egon dira alardearen antolaketan garai berrieri egokitzeko. Alardea sortu zenean, ez zen hain famatu eta gaur egun hain garrantzitsua zen kantineraren figura ez zegoen, gerora inkorporatu zen, hainbat konpainia berri sortu dira eta beste hainbat zatitu dira, eta zer esanik ez Konpainia mixtako inkorporazioari buruz, udaran oporretan etortzen direnek festa barrutik bizi ahal izateko eman zen pausoa, honela kanpotik datozenak alardean parte hartu dezakete. Hori bai, Hondarribitarra baldin bazara, baina emakumea ezin duzu alardean atera. Dena baimentzen da, emakumea izatea ez ezik. Etor dadila norbait esatea, alardea ez dela baztertzailea.
Aurten, baztertzaileaz gain, beste muga bat berrekarri da, duela 22 urte gertatu zen bezala, Jaizkibel konpainian ateratzea erabaki duten emakumeak erasotu dituzte, iraindu, eta ez diete utzi jaia bakean bizitzen. Alardea genero eraso bihurtu da, eta hau oso larria da. Hemen gauden guztiok erreflexio bat egin behar dugu, eta politikarien erantzukizun zatia onartu eta jarrerak aldatu. Ikusten dut pozez PSEk bere emendakinean jarrera hori aldatzen duela, eta lehen aipatu dudan Hondarribiko emakume isildua bezala aurrepauso bat ematen duela. Atzo EH Bildutik saiatu ginen akordio batera iristen, ikusten genuelako hainbat puntutan bazegoela adostasunerako bidea, baina zuen taldeak ez zuen ezta planteatu akordio hori, mezu bidez esan zeniguten ez zenutela negoziatuko ez zenutelako nahi talde batekin akordio batera iristen bazineten posizio baten aurkako akordio bezala interpretatzerik. Bada garaia, alarde baztertzailearen aurka jartzeko, bada garaia berdintasunaren posizioan jartzeko.
Espero dut, Irungo alardean, zuen jarrera aldaketa hori ikustea, eta hurrengo alkateak, zuena bada, alarde baztertzailea ez babestea orain arte Santano jaunak egin duen bezala.
Hor baitago berdintasun arazo honen beste koska larri bat, Hondarribiko alkateak, Irungoak bezalaxe, duela 22 urte gatazka hasi zenetik, giza eskubideen defentsan aritu beharrean, alarde baztertzaileak babestu dituzte, behin eta berriz beraien ondoan agertuz, eta behin eta berriz udaletxeko ateak alarde diskriminatzaileari irekiaz, jaizkibel konpainia pasatzen den bitartean itxita mantendu den bitartean, Diputatu Nagusiak, Arartekoak, Emakundeko ordezkaria, kanpoan uzten ditu, espaloian Jazikibel konpainiak ongi etorri ofizialik ukan ez dezan.
Eta bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundia, lehen aipatutako emakume isildua bezala geratu da. PNVk bere familia ez kaltetzeko, eta udaletxe bat ez galtzearren ez du Aldunditik ezer egiten diskriminazio egoera hori buka dadin, beraiek isilpeko pausoak ematen direla diote, baina duela aste gutxi jakin genuen hain direla isilpekoak lan horiek, ezta Jaizkibel konpainia ere ez dela enteratu.
Gai guzti honetan, arazoa da, zuen jarrerarekin, eta alarde diskriminatzaileei eman diozuen babesarekin, indartu egin duzuela, eta arrazoi zutela pentsatu dutela. Hain da horrela, emakumea emakume izate hutsagatik alardean ateratzea oztopatzeaz gain, erasotzea ere zilegi dela pentsatu dutela, monstruo txiki bat elikatu duzue.