Ondare kulturala babesteko baliabideak eskatu ditu Meritxell Elgezabalek gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egin den Kontrolerako Osoko Bilkuran. Diputazioaren utzikeriak Gernika-Lumoko Santa Ana baseliza erabat hondatzea posible egin duela salatu du EH Bilduko batzarkide eta EAkideak eta aurrerantzean horrelakorik berriro ez gertatzeko neurriak eskatu ditu.
Harresiaren kanpoaldean dagoen baseliza gotikoaren hondamenarekin “Gernikako arkitektura, historia, eta artearen zati bat eta Urdaibaiko biosfera erreserbaren euskal ondare kulturalaren beste elementu bat galdu” dela esan du Elgezabalek eta Diputazioak ondarea babesteko erantzukizuna duela gogoratu.
Hurrengo belaunaldiekin erantzukizunagatik “ez dago aitzakiarik Bizkaiko ondare kulturala babesteko baliabiderik ez jartzeko”, adierazi du Elgezabalek.
Bestetik, Joseba Gezuragak ere galdera egin dio Diputazioari Ezkerraldea eta Meatzaldeako parke teknologikoari buruz. EIC bertan jarriko dela jakinda, “eta hura berez enpresa bat ez dela kontutan hartuta, Parkean enpresarik” jarriko den ihardetsi du EAkideak.
Izan ere, parkea martxan jartzeko enpresa traktoreak behar zirela esan zuen Diputazioak, “eta gaurko egunean ez dakigu inolako enpresarik jarriko den bertan”. Gezuragak Ezkerraldea “Bizkaiko motore ekonomikoa izatetik eskualde atzeratuena izatera” pasa dela kritikatu du eta “berarekin dagoen zorra ordaindu” behar dela ohartarazi.