Elkarbizitzan, berdintasunean eta ekitatean oinarritutako hezkuntza sistema publikoa defendatu du gaur Miren Aranoa, EH Bildu Nafarroako legebiltzarkideak, “hierarkikoa, autoritarioa eta judizializatua” den PPren proposamenaren aurrean.
Hitzaldi serio eta gogorra egin du Aranoak PPk proposatutako mozioaren aurka eta Ana Beltrán parlamentariaren kritika zorrotzak jaso ditu. Aldaketaren Gobernuaren hezkuntza ereduaren aurka gogor jo du berriro ere Beltranek.
EH Bilduk ez du uste PPren hezkuntza eredua egokia denik eta lanbidez irakaslea den Aranoak esan duenez, “harro” dago irakasle eta ikasleekin, “PPk gaizkileak izango baziren bezala tratatzen dituen neska-mutilekin”.
Autoritatea eta autoritarismoa nahasten ditu PPk, Aranoak kritikatu duenez. “Lanaren jarduera, jakituria eta ondo egindako lanaren ondorioa” da autoritatea, esan du.
Hezkuntza zentroetan elkarbizitza arazoak daudela onartu du legebiltzarkideak, “baina PPk egiten duen proposamenak sintomari erantzuten dio, ez arazoari eta zigorretan oinarritutako konponbide oso sinplea eskaintzen dio hain konplexua den arazoari”.
Gainera, Nafarroako hezkuntzak dituen arazoetako asko “UPN-PPk egindako politika atzerakoien errua dira, egindako murrizketaren ondorio”.