Etxebizitza arloan arreta eta aholkularitza integrala emateko bulegoa sortzeko beharra aldarrikatu du Maider Otamendi legebiltzarkideak, gaur Eusko Legebiltzarrean egin den Osoko Bilkuran. Zerbitzua “hiritar guztien mesedetan izango zen baina batez ere egoera zaurgarrienetan daudenentzat beharrezkoa da, bestela tramiteak egin behar direnean galtzea oso erreza baita”.
“Etxebizitzekin zerikusia duen edozein egoera, eskaera edo zalantzaren aurrean aholkularitza emateko zerbitzu bateratuaren” beharra azpimarratu du Otamendik, eta ez dela EH Bilduk eskaera hori egiten duen lehen aldia gogoratu du.
Izan ere, egokiena bulego aholkularitza hori Etxebizitza Legeak aginduta urtebeteko epean etxebizitza arloan dauden enpresa publiko eta erakunde publikoak biltzeko sortu behar zen erakunde autonomoaren barruan kokatzea dela defendatu du Maider Otamendik berriro ere, baina “Legea onartu eta lau urteetara ez da agindutakoa bete, eta arduradunek argi utzi dute hori ez dela beraientzat lehentasuna”.
Azkenean eta ohi bezala, EAJk eta PSEk etxebizitza eskubideen arloan aurkeztutako ekimenari indar guztia kentzen dion emendakina onartzea lortu dute.
Berriro ere Etxebizitza Legearen arazo nagusiena garatzen ari den erritmoa dela esan du legebiltzarkide eta EAkideak: “Poliki baino polikiago”. Eta azaldu du Otamendik, arduradunek gainera argi esan dute “aholkularitza bulegoa sortzea ez dela lehentasuna, beraien ustez”.