Eusko Alkartasunako Nazioarteko Idazkaria Lorena López de Lacalle, Europako indar independentista eta subiranistak biltzen dituen Aliantza Libre Europarra alderdiko presidente aukeratu du ALEk Bruselan ospatzen dabilen Biltzar Nagusian. Era berean, Esquerra Republicana de Catalunyako europarlamentari Jordi Solé izango da hemendik aurrera ALEko idazkari nagusia. Inoiz baino emakume gehiago daude batzorde berrian, eta oinarri sozialdemokrata duen lerro politikoa landuko dute. López de Lacalle EAko bigarren ordezkaria da ALEko presidentzian, izan ere, 90. hamarkadan Carlos Garaikoetxeak zuzendu zuen autodeterminazioaren aldeko alderdi europarra.
Lorena Lopez de Lacallek argi utzi du zein izango den ALEk eramnago duen ildoa, aho batez onartu den “Europar Batasunaren geroa definitzeko prozesu eratzailea” izeneko mozioan. Honela, presidente berriak hurrengoa proposatu du: europar erakundeek lantaldeak sortu behar dituzte alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek osatuta, Europar Batasunaren etorkizunaren inguruko hausnarketari ekiteko herritarren partehartzea sustatuz eta ziurtatuz.
Zentzu honetan, ALEko buruzagiak argi dauka Europar Batasuna berreraikitzeko unean, “ekologia, feminismoa eta autodeterminazio eskubidea oinarrian izan behar dituen proiektu berria eratu behar dugula”. “ Ahots bakarreko estatuen Europa ez da herritarrek eskatzen dutena, ez eta Europako nazioek behar duguna. Beharrezkoa da Europa barruan dauden herriak eta nazioak aitortzea eta hauei izana eta esana ematea, EBa gertuago sentitzeko, eta herritarrek europar proiektua bere egin dezaten”.