Kataluniako preso politikoekin bildu da Eusko Alkartasuna, eta epaiketaren izaera politikoa baieztatu du
Pello Urizar: “Kataluniak hautatutako bidea, demokrazian sakontzearena, gurea ere badela esan diegu”
Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta Lorena López de Lacalle, Nazioarteko Politikako idazkari eta Europako Aliantza Libreko presidenteak, Kataluniako preso politikoekin bildu dira gaur eta beraien kontra egiten ari diren epaiketan egon dira, Iker Ruiz de Egino, EAko bozemaile eta Iria Epalza, alderdiko Komunikazio idazkariarekin batera. “Kataluniak egin duen bidea, demokrazian sakontzearena, euskal gizartearena” ere badela esan du Urizarrek, eta epaiketan egonda, “demokraziaren aurkako epaiketa dela” ikusi ahal izan dutela gaineratu du: “are gehiago, demokraziaren aurkako erasoa”.
Euskal gizartearen gehiengoaren babesa helaraztea izan da presoei bisita egitearen helburua, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak adierazi duenez. Era berean “erabat demokratikoa izan den prozesu batengatik den epaiketa demokraziari egiten zaion epaiketa da, demokraziaren aurkako erasoa”, dela esan du Urizarrek epaiketako saio ikusi eta gero.
Fiskaltza eta salaketa egiten duten abokatuen jardunak “Kataluniako gizarteak erabaki ahal izateko jarritako bitarte demokratikoei egiten dio erreferentzia etengabe”, azaldu du Urizarrek.
Preso dauden senatari eta diputatuei buruz berriz, atzo Kongresu eta Senatuan egotea “parentesi hutsa izan” zela salatu du: “demokraziaren eszenifikazioa”. Bere ustez, hautatutako ordezkariei debekatu egingo zaie karguan jarraitzea eta “Europar auzitegiek arrazoia emango dieten arren, berandu izango da”.
Europar hauteskundeak
Zentzu honetan, Euskal Herria eta Kataluniak Europan ordezkaritza indartsua behar dutela esan du Urizarrek, “ez bakarrik herrien eskubideak defendatzeko, baizik eta pertsonen eskubide demokratikoak defendatzeko ere”.
López de Lacallek berriz, “Europan inork ez duela atzo Kongresu eta Senatuan, bart espetxean eta gaur epaitegietan egon diren politikarien egoera ulertzen” esan du. Europar Parlamentua osatzen denean, preso eta erbesteratutako eurodiputatuak egongo dira, eta horrek “europar erakundeen erantzuna bultzatuko du, horregatik europar hauteskundeetan parte hartzea handia izan dadin garrantzitsua da”.