Alkatetzan kudeaketa gaitasuna erakutsi eta gero, Senatari aukeratu du gaur Legebiltzarrak Bermeoko alkate ohia
Idurre Bideguren senatari aukeratu du gaur Legebiltzarrak. Bermeoko Alkatetzan herritarren eskutik egindako kudeaketa Madrilera eramango du orain Bidegurenek, EH Bildu eta ERCk konpartitzen duten talde politikoan garatzeko.
Herritarren partehartzea sustatzea, kalitatezko kudeaketa eragitea, gizarte justizian sakontzea, feminismoa lantzea eta udalerria behetik gora eraikitzea izan dira Bidegurenek Bermeon garatu duen kudeaketa ereduaren ezaugarri nagusiak eta horiek izango dira gaurtik aurrera Senatuan egingo duen politikaren oinarriak ere, Euskal Herrian garatzen den herrigintza eredu ezberdinaren erakusgarri.
Zortzi urtez izan da Bideguren Bermeoko alkatea, eta bi legegintzaldi horietan zehar oztopo eta ezuste aurre egin behar izan die, hala nola, herrian izan diren hainbat suteei –larriena, Udaletxea bera kaltetu zuena, 2013an izan zen- edota herrian kalte handiak utzi dituzten itsasaldi eta uholdeak. Guztiak erantzukizunez kudeatu dituen taldeko burua izan da Bideguren. Bere eskutik Gobernantzako Bikaintasuneraren 2018ko Europako Labela lortu du udalerriak, eta Bermeo “Word Tuna Capital” proiektua garatu dute.