Diadako ekitaldietan parte hartzen ari da Eusko Alkartasuna, kide historikoa den ERC eta gizarte zibilari babesa adierazteko
Diadako ekitaldietan parte hartzen ari da Bartzelonan, Joseba Gezuraga, jarduneko idazkari nagusia buru duen Eusko Alkartasunako ordezkaritza, baita urtero Esquerra Republicana de Catalunya, kide historikoak nazioarteko ordezkarientzat urtero prestatzen duen agendan. Procéseko buruen kontra maila politikoan, judizialean eta sozialean egon den errepresio bortitzak sortutako egoera zailean, adostasunak ehuntzeko alderdi independentistek egin duten ahalegina positiboki baloratu du Gezuragak.
Kataluniako errealitate anitza ezagutzeko aukera eskertu du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, eta “alderdi katalanek horren egoera zailean adostasunak lortzeko erakutsi duten ahalegina indar politiko guztientzat lezioa” dela gehitu.
Gezuragarekin batera Bartzelonan dagoen Lorena López de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politiken idazkaria eta ALEko presidenteak aitortu duenez, “epaiaren zain, soberanismoa egoera zailean dago, Estatuak egindako errepresioa dela eta”. Hala ere, bai alderdi politikoek baita gizarte zibilaren ordezkariek ere “bihar berriro ere zer nahi duen era masiboan eta zibikoan erakutsiko duen gizarteak berak zer etorkizun nahi duen erabaki dezan bozka eman ahal izateko lan egiten jarraitzen dute”.
Omnium eta ANCko zuzendaritzekin eta CIEMESeko (Centre Internacional Escarré per a les Minories Étniques i Nacionals) ordezkaritzarekin bildu dira goizean EAko ordezkariak, “eta Kataluniako egoera hobeto ezagutzeko aukera” izan dute, baita “gizartearen ordezkariei babesa agertzeko” parada ere. Gaur arratsaldean ERCrekin bilduko dira eta alderdiak gaur-biharrerako prestatu dituen ekitaldietan parte hartuko dute.