López de Lacalle: “Independenteak izan nahi duten europar nazioentzat bidea zehaztu behar du EBk”
Azken astean Eskoziako SNPko Kongresuan parte hartu duen Lorena López de Lacallek dioenez, datorren urteko Eskoziako independentziari buruzko bigarren erreferendumak aukera ona da europar subiranotasunarentzat. “Katalunia eta Eskoziako kasuak mahai gainean eta Flandriako subiranotasunak antza izango duen igoerarekin, Europak duen erronka nagusietako bati heldu beharko dio: nazioen burujabetzarako eskubidea eta horien EBn sarrera”, esan du Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkaria eta Aliantza Libre Europarreko presidenteak.
Erabakitzeko eskubidea izango da datorren urtean Europako politikako gai nagusietako bat eta horrek derrigortuta zerbait egin beharko du EBk: “Ezin dugu ahaztu eskoziar hiritarrak europar hiritarrak direla eta Brexitaren bidez EBtik kanporatuak izango dira, ateratzearen kontrako iritzia eman duen arren”. Horrela, logikoa da europar erakundeak orain arte baztertu duen gaiari heltzea: estaturik gabeko nazioek EBren barruan duten tokia.
“Hiritarren erabakia blokeatu ez dezaten, EBk batasunaren barruan subiranotasunerako bideak eta burujabetza prozesua ezartzea” da ALEren proposamena.
López de Lacallek azaldu duenez, Estatu espainolak Europan sinesgarritasuna erabat galdu duela ikusi du SNPko kongresuan, eta “procés-eko epaiaren ondoren lehen aldiz, Nicola Sturgeonek zigortutako politikoekin elkartasuna” erakutsi zuela gogoratu du.