Iker Rahonak Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko proiektuaren zenbait alderdi zuzentzeko eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Eusko Alkartasunako Bizkaiko koordinatzaile eta EH Bilduko batzarkidea den Rahonak azpimarratu duenez, etorkizunerako zaindu beharreko ondare arkitektonikoa da Museoaren jatorrizko eraikina eta pentsaezina da 18.000.000 euroko inbertsioa behar duen obra publikoak horretarako ezarritako eskakizun guztiak ez betetzea.
Zalantzak agertu ditu EH Bilduko batzarkideak handitze lanak egiteko lehian irabazle izan den proiektua aukeratzeko moduaren inguruan, baita “proiektuak museoaren eraikinean eta inguruko parkean izango duen eraginaren inguruan ere”.

Lehenengo puntuari dagokionez, epaimahaikideetako bat Norman Foster Fundation elkarteko kidea izatea kritikatu du Rahonak, arkitektu ospetsuaren enpresak Foster & Partners + Luis Maria Uriarte arkitektura ABEEren formularekin irabazi baitzuen lehiaketa.
Bigarren alderdiari dagokionez, oso kezkatuta agertu da proiektuak ingurunean duen eraginagatik; izan ere, “parkea monumentu-multzo gisa inbaditzen du, lehendik zeuden bolumenekiko koherentziarik gabeko beste bat ezarriz, parkean itzal handiak sortuz eta, inguruko eraikinetatik eta eraikinetara zeharkako ikuspegiak oztopatuz”.
Kultura eta Kirol Batzordean bertan, gaurkotasun handiko gai bat ere landu da: eskola-kirolaren itzulera. Batzarkide abertzaleak oso pozgarritzat jo du jarduerari berriro ekitea, haurrengan duen eragin positiboagatik, eta berdintasunaren arloan neurriak hartzera animatu du, “neska gazteek kirola neurri handiagoan uzten dutela errealitatea baita eta hori ekiditeko”.
RAhona