Maiorga Ramirez EH Bilduko foru parlamentari eta Eusko Alkartasunako kideak Nafarroako Antzerki Sarearen hitzarmenaren sinaduraren egoerari buruz galdetu du gaur egindako Osoko Bilkuran, baita ” sinatzeko aurreikuspena” zein den ere. Ildo horretan, galderak Nafarroako Gobernuari “Parlamentuak aho batez erabakitakoa amai dezala eskatzeko” balio dezala eskatu du, eta “premiazko gaia izan dadila, noski, urtea amaitu baino lehen”.
Foru parlamentariak gogorarazi duenez, iragan martxoan Nafarroako Parlamentuko Kultura eta Kirol Batzordeak aho batez EH Bilduren mozio bat onartu zuen, honen bidez Nafarroako Gobernuari eskatu zitzaion urte anitzeko 2020-2023 finantzaketa-hitzarmen bat sina zezala Nafarroako Antzerki Sarearekin. Akordio horren helburua erakunde horri “egonkortasuna ematea” izango litzateke, eta horrek “ezarritako helburuak optimizatzea eta eskaintzen duen zerbitzua sustatzea” ekarriko luke.
Maiorga Ramirezek erakunde “garrantzitsu” hori goraipatu du, “33 udalerri biltzen baititu, Nafarroako geografia osoan zehar banatuta”. Maiorga Ramirezek azaldu duenez, erakunde horrek helburu “zehatzak” ditu, besteak beste, “arte eszenikoen eskaintza profesional eta kalitatezkoa sustatzea, bazkideen baliabideak optimizatzea eta Kultura Sailarekin elkarlanean aritzea”.
“Gai hau eztabaidatu genuen bere garaian, eta guztiok uste dugu funtsezkoa zela hainbat urtetarako finantzaketa izatea, jarduera guztiak egonkortasun-parametroetan garatu ahal izateko”.
Nafarroako Gobernuak lanean ari dela erantzun eta gero, Maiorga Ramirezek esan du ideia horrekin geratuko dela, “laster amaituko dela ulertzeko espektatibarekin”. “Presidentearekin hitz egiten ari direla badakigu, baina ez litzateke ulertuko hitzarmen hau ahalik eta lasterren ez gauzatzea”, gaineratu du.