Maiorga Ramirez Nafarroako EH Bilduko parlamentariak “autokonplazentzian” ez erortzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, “kulturaren sektorearen krisia errealitate bat delako, eta esparru publikoko ekimen zehatz batzuk behar dituelako”. Horrela adierazi zuen atzo Nafarroako Parlamentuan egungo pandemia-egoeran dauden artisten eta sortzaileen eskubideei buruzko mozioaren eztabaidan.
“Alde bozkatuko dugu, egiteko asko dagoela uste dugulako. Eta gure ustez administrazioek ez dute behar bezalako indarrarekin eta baliabideekin erantzuten sektore kulturala laguntzeko”, adierazi zuen Maiorga Ramirezek.
EH Bilduko taldeak pandemia hasi zenetik “hainbat alditan” mozioak ekarri dituela gogorarazi zuen parlamentariak. “Berez prekarizatuta dagoen sektoreaz ari gara, krisi honek bereziki kaltetuko zuen sektoreaz. Arrisku bat dago, izan ere, krisi honek zenbait ekimenek pertsiana itxi behar izatea ekar dezake. Jarduerarekin jarraitu ezin duten era guztietako taldeak”.
Maiorga Ramirezek esan zuen ez datorrela bat Nafarroako Gobernuaren “autokonplazentzia irakurketekin”. “Krisiak bere horretan jarraitzen du, eta neurri gehiago behar dira. Guk bere garaian plan baten beharra planteatu genuen, eta zentzu horretan mozio bat onartu zen”, gogorarazi zuen. Azkenik, “Parlamentuak onartutako ekimenak betetzeko” eskatu zion Nafarroako Gobernuari.