Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Senatuan hitz egin zuen atzo, ezkontzarik gabeko bikoteen kasuan alarguntasun-pentsioaren erregulazioa berrikustea proposatzen zuen mozioaren eztabaida eta bozketan. Hala, EH Bilduren aldeko botoa defendatu zuen, “egoera bidegabeak eta diskriminatzaileak eragiten duen guztia araudian ezabatu behar delako”.
Idurre Bidegurenek azaldu zuenez, “bikote asko dira, eta gero eta gehiago, elkarrekin baina ezkontza-loturarik gabe proiektu batean bat egiten dutenak. Eta, gaur egun, indarrean dagoen araudiarekin, gure ikuspuntutik onartezinak diren desberdintasunak sortzen dira”.
Zentzu horretan, “izatezko bikoteek alarguntasun-pentsioa kobratzeko eskubidea dute, baina alde handiak daude ezkontza-lotura duten bikoteekin alderatuta. Alarguntza-pentsioa eskatzeko orduan, zenbait baldintza eskatzen zaie lehenengoei, elkarrekin bizitzeko modu gisa ezkontza aukeratzen dutenekin alderatuta”.
“Baina, gainera, izatezko bikoteen kasuan alarguntasun-pentsioa jasotzea heriotzaren uneko egoera ekonomikoaren mende dago; alarguntasun-pentsioaren helburua ez da gutxieneko bizi-maila bat bermatzea, diru-sarrerak murrizteak familiari eragiten dion kaltea konpontzea baizik”, adierazi du.