Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Lan Harremanen Euskal Esparrua aldarrikatu zuen atzoko Senatuko Osoko Bilkuran, Hego Euskal Herriko erakundeek lan arloan jardun ahal izateko tresna gisa. PSOEk Langileen Estatutu berria bultzatzeko aurkeztutako ekimenaren eztabaidaren barruan egin zuen ekarpena senatariak.
XXI. mendeko errealitatera eta erronketara egokitutako testua onartzea garrantzitsua dela onartu zuen Bidegurenek, baina ez dela nahikoa azpimarratu zuen. Horregatik, “bizi dugun errealitateari eraginkortasun handiagoz erantzuteko” lan harremanetarako esparru propioaren beharra azpimarratu zuen.
Egoerari erantzuteko dagoen urgentzia azpimarratu zuen senatariak eta Estatutu berria negoziatzeko, idazteko eta onartzeko denbora asko beharko litzatekeela gogoratu. “Bitartean, zer?”, galdetu zuen. Garai zail hauetan, Lan Erreformak ondorio latzak ditu pertsona askorentzat, “kaleratzeak egiteko erraztasunak dakarrelako, behin behineko kontratuak ugaritu egin direlako, soldaten murrizketagatik eta lan arloan desberdintasunak handitu eta prekarietatea hazi egin delako”.
Bidegurenek azpimarratu zuenez, “XXI. mendera egokitutako Langileen Estatutu berria egitea garrantzitsua da, baina ez da nahikoa”, eta, beraz, langileentzako kaltegarrienak diren puntuak indargabetzeko beharra azpimarratu zuen.
Kongresuko osoko bilkuraren beste puntu batean, ordezkari politikoei aforamenduak kentzea defendatu du Bidegurenek. Forudun izateak “pertsona jakin batzuen mesedetan, kargu publiko edo lan zehatz bat betetzen dutenentzat arau judizialak aldatzea dakar, eta berdintasunaren printzipioaren aurka doa”, esan du.
Aforamenduak kentzeko Gernikako Estatutua eta Hobekuntza Legea aldatu behar direla gogorarazi du Bidegurenek. “EAEn Estatutu berria idazteko lanean hasi diren honetan, herritarren interesei hobeto erantzungo dien lege demokratikoagoa lortzeko aukera dago”, adierazi du, EH Bilduk helburu horrekin duen konpromisoa erakutsiz.

Bideguren