Bizkaiako berreraikuntza ekonomiko eta soziala bultzatzeko lantaldea sortzea proposatu du Iker Rahona, EH Bilduko biltzarkideak Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Batzordean. EH Bilduren eta EAJren jarrerak kontrajarri ditu Rahonak, jeltzaleek oposizioaren proposamenak aintzat hartzeari ere uko egiten dioten bitartean, koalizioak gobernatzen duen erakundeetan, Covid 19ren ondorio ekonomiko eta sozialen aurkako esparruan talde lanean ari direla azpimarratuz. EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak batera aurkeztutako ekimenaren defentsan aritu da Rahona.
Pandemiaren ondorioz sortutako egoera larria hobetzeko neurriak sortzeko foro produktiboak sortzeko beharra aldarrikatu eta eskatu du EH Bilduk Batzar Nagusietan, Eusko Legebiltzarrean eta udaletan, Rahonak azaldu duenez. EAJren erantzuna ezezkoa izan da beti, batzarkide abertzaleak deitoratu duenez, eta batzuetan erantzunik ere ez du egin. Horixe izan da, esan du Rahonak, “EH Bilduk krisiaren ondorioak arintzeko ekarpen positiboa egiteko aurkeztutako ia 50 ekimenei”.
Bizkaiko Foru Gobernuak “ez du oposizioa aintzat hartu, eta ez du bilerarik deitu, proposamenak egiteko epea ematera mugatu zen, eta EH Bilduk, jakina, erantzun egin zion”. Baina “parte hartzea”, azpimarratu du Rahonak, “ekarpenak egiten dituzten e-mailak bidaltzea baino askoz gehiago da”.
Rahonak erantzukizunaren eta koherentziaren aldeko deia egin du, erakundeek une honetan egin behar duten lanaren adibide gisa; izan ere, “EH Bilduk gobernatzen duen udaletan, foro horiek sortu dira, pertsonen egoera hobetzen lagunduko duten neurriak sortzeko, proposamena nork egiten duen kontutan hartu gabe”.
RAhona