“Covid Tasaren” proposamena aurkeztu du Nerea Martinezek Arabako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. Pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko behar den finantziazioa lortzeko emango lukeen bidea ezartzeko Foru Arau Proposamena da “Covid Tasa”-rena, ezohizko moduan eta garai zehatz batean ezartzekoa.
Gastu publikoaren igoera eta diru-bilketaren jaitsiera ematen ari den unean, “ahalmen ekonomiko handiagoa duten pertsona eta enpresei zerga presioa apur bat igotzea” da proposamena, “epe zehatz batean (lau urte), eta elkartasunaren eta erantzukidetasun printzipioak aplikatuz”, EH Bilduko batzarkideak aldarrikatu duenez.
Aiarako batzarkideak “diru-sarrera fiskalak nabarmen murriztu diren unearen” testuinguruan kokatu du bere taldearen proposamena, osasun-krisiaren ondorioz baliabide publiko asko behar direla azpimarratuz.
Gaiaren garrantzia eta dirua behar dela argi dagoen arren, EAJ-PSEk, Foru Gobernua babesten duten taldeek, eta zerga arloan beti lagun duten PPk EH Bilduk berriro ere mahai gainean jarri duen eztabaida fiskala eragotzi dute kontra bozkatuz.
EH Bilduren proposamen zehatzak, jakina, pandemiaren ondorioz diru-sarreretan galerarik nabaritu ez duenari bakarrik eragingo lioke, aldi baterako igoera moderatu gisa.
MTZ