Covid 19k eragindako osasun krisiaren testuinguruan kultura sektoreak bizi duen egoera larriaz ohartarazi du Maiorga Ramirezek, eta, hitzetatik eta aldarrikapenetatik haratago, premiazko neurri instituzionalak eskatu ditu. PSNk kultur sektorearen defentsan Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako ekimenaren alde bozkatu du EH Bilduk, baina “postureoa erabiliz neurri zehatzen falta ezkutatzearen arriskuaz” ohartarazi du Ramirezek.
“Kulturaren sektorea oso egoera larrian dago; izan ere, distantzia sozialeko neurriak direla eta, hasieratik kaltetuenetako bat izan da”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Hori dela eta, neurriak betetzea eskatu du, krisia hasi eta sei hilabetera PSNk mozioak aurkeztearen balioa zalantzan jarrita, Nafarroako Foru Gobernuan egonda, sektoreari laguntzeko neurriak eta aurrekontu-partidak gauzatu beharrean. Zentzu horretan, kultur sektoreak bizi dituen zailtasunak datorren urteko kontuetan kontutan hartzeko deia egin du, “aurrekontu prozesuan ikusten baitira benetako lehentasunak”.
Ramirezek gogorarazi duenez, EH Bilduk konfinamenduaren ostean egindako lehen agerraldietako bat sektoreak aurrera egin ahal izateko neurriak proposatu zituen: “Orduan, maiatzean, sektoreari laguntzeko txoke-plan bat onartu zen; gaur bete gabeko mozioak pilatu dira eta PSEk mozio bat ekarri du, gauzatzeke dagoena bideratzeko lan egin beharrean”.