Hemen duzu EH Bilduk Bateragune auziaren inguruan Auzitegi Gorenak hartutako azken erabakiaren inguruan egindako agerraldian Eba Blancok egindako hitzartzea:
Auzitegi Gorenaren erabakiak ez du Bateragune auziarekin bakarrik zerikusia. Ez da soilik 5 euskal herritar, ezkerreko 5 independentistari eragiten dien erabaki bat. Erabaki horrek ez du soilik gure herriko ezker subiranistarekin eta independentismoarekin zerikusia. Hau askoz haratago doa. Gorenak atzo hartutako erabakia demokraziaren, Justiziaren eta zentzuaren aurkako erasoa da.
Atzo bost euskal independentista izan ziren Estatu sakonaren ondorioak jasan zituztenak. Estatu sakona ordezkatzen duten horiek ezin dute onartu herri honek eta euskal gizarteak bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egitea. Ezin dute onartu jendarte sozialagoak eta ekonomikoki bidezkoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko ezker subiranistak egindako ekarpena.
Atzo Arnaldo, Rafa, Sonia, Arkaitz eta Miren izan ziren. Bihar zu izan zaitezke. Kataluniako edozein independentista izan daiteke. Pertsonen eta herriek erabakitzeko eskubide demokratikoa dutela uste duela uste duen Kataluniako, Galiziako edo Espainiako Estatuko edozein herritar izan daiteke.
Espainiako eskuinak eta beren proiektu autoritarioa gelditzea nahi duen edozein herritar izan daiteke. Gaur euskal ezker subiranista izan da; bihar demokrazia defendatzen duen edonor izan daiteke.
EH Bilduk uste du erantzunak erasoaren ondorioekiko proportzionala izan behar duela. Erantzunak bateratua, sendoa eta printzipio demokratikoetan oinarritua izan behar du.
Eraso honi erantzuteko deia egiten diegu Euskal Herriko, Kataluniako, Galizako eta Espainiako Estatuko herri guztietako herritarrei, Espainiaren proiektu bateratu bat defendatu eta printzipio demokratikoetan sinesten dutenei ere bai. Estaturik gabeko nazioak eta Europa ere animatzen ditugu demokraziaren aurkako eraso honi erantzun irmoa ematera.
Inoiz baino garrantzitsuagoa da beren ondare eta ideia politikoak babesteko edozer gauzak balio duela uste dutenak gelditzea. Gaur inoiz baino garrantzitsuagoa da demokraziaren funtsezko balioei etengabe erasotzen dietenei erantzutea. Bakoitzak bere erara, bere hitzekin, bere modu eta moldeekin. Elkarrekin eta lehenbailehen egiten ez badugu, guztiok ordainduko dugu, gure kideek bezala.
Inoiz desagertu ez den Espainia autoritario horretako kideek oso argi dute zer egin behar duten beren ideia politikoak mehatxatuta ikusten dituztenean, eta ez dute zalantzan jartzen beren tresna politiko eta judizial guztiak erabiltzea; tresna militarrak martxan jartzearekin ere mehatxatzen dute. Guk ere argi izan behar dugu. Gure tresnarik indartsuena printzipio demokratikoetan sinesten duten pertsona guztien batasuna eta indarra izan behar da.
Horregatik, datozen egunetan deitu daitezkeen mobilizazio guztietan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak, ez gaituztelako geldiaraziko eta ez gaituztelako isilduko.