Arabako gizartearen beharretara egokitutako finantza sistema garatzearen beharra defendatu du gaur Arabako Batzar Nagusietan egindako osoko bilkuran Nerea Martinez Cerrillok. Elkarrekin Arabak egindako zenbait proposamen aintzat hartzea babestu du EH Bilduko prokuradoreak, bere taldearen izenean. Proposamen horiekin bat datorrela adierazi du Martínezek: PFEZ, Sozietateen gaineko Zerga, Ondarearen gaineko Zerga, Jokoaren ekimenen gaineko Zerga eta Jokoaren gaineko Zerga.
Martínez Cerrillok gogorarazi duenez, Batzar Nagusietan bertan aurkeztu zuen EH Bilduk Covid Tasaren proposamena, duela hilabete eskas, Covid-19 pandemiaren ondorioz sortutako behar sozial eta ekonomiko larriei erantzuteko helburuarekin. “Baliabide publiko eta pribatu ugari mobilizatzeko beharra sortu da, historia hurbilean aurrekaririk izan ez duten diru-sarrera fiskalen beherakadaren testuinguruan”, adierazi du, eta “gastu publikoaren premiak eta zerga-sarrerak ez datozela bat” ikusita.
Hori dela eta, Arabako EH Bilduko prokuradoreak “gaur egun aplikatzen ari den zerga-ereduan 180 graduko aldaketa” egin behar dela aldarrikatu du, “klase ertainak eta langileak arinduko dituen eredua ezartzeko, errenta altuenei, ahalmen ekonomiko hobea dutenei eta etekinak dituzten enpresei zergak areagotuz, diru-bilketaren pisua langileriaren bizkar jartzea ekiditeko”.
Dezepzioa agertu du Martinezek Arabako Batzar Nagusietan ez delako zergari buruzko eztabaida zabaldu, EAJk, PSEk eta PPk kontrako botoa eman dutelako; izan ere, gaur egun indarrean dagoen erreforma fiskala adostu zuten hiru alderdiek. Martinez Cerrillok esan duenez, herriaren garapenak finantza sistema egokia behar du, eta horretarako “egun ditugun eskuduntzen bidez aurrerapausoak” eman behar direla gaineratu du.
MTZ