Covidaren txertaketa prozesuaren planifikazio zehatzagoa eskatu du gaur Senatuan Idurre Bidegurenek, protokoloetan koordinazioa eta kontrola areagotzeko, eta, komunitate zientifikoak gomendatu bezala, prozesuaren erritmoa ahalik eta gehien bizkortzearen alde ere egin du.
Txertaketa-prozesuetan eman diren jarrera arduragabeak eta gaitzesgarriak salatu ditu EH Bilduko senatariak horien aurrean, “erantzukizunak argitzeaz gain, kudeaketa gardenagoa eta argiagoa” ere exijitu du, “herritarren sinesgarritasuna berreskuratzeko”.
Bidegurenek adierazi duenez, gertatutakoa ikusita, “txertaketa protokoloak orokorregiak eta zehaztasunik gabekoak” izan direla egiaztatu da.
Azken asteotan gaurkotasun handia izan duten bi gai aipatu ditu senatariak bere hitzaldian: Txertoen patenteen liberalizazioa eta ikerketa publikoa bultzatzeko beharra. Liberalizazioaren inguruan, mundu mailako pandemiari mundu mailako erantzuna eskaini behar zaiola gogorarazi du Bidegurenek eta “patenteak liberalizatzeko eta txertoa unibertsalizatzeko” lan egiteko deia egin dio Madrilgo Gobernuari.
Sektore publikoaren garrantziari dagokionez, “Osasuna bermatzeko beharrezkoak diren botikak eta txertoak ikertu, garatu eta ekoizten dituen enpresa publikoa” izateak ematen dituen aukerak azpimarratu ditu.