Zerga Koordinaziorako Organoa salbuespenezko neurri fiskalak onartzeko beharra aztertzea proposatu du Nerea Martinez Cerrillo, EH Bilduko Arabako batzarkideak, pandemia sanitarioaren eta krisi ekonomikoaren garaietara egokitutako erabakiak hartu eta une honetan politika publiko egokiak garatzeko baliabide nahikoak bermatu daitezen.
“Ez dugu erreforma fiskalik eskatzen, hori ere beharrezkoa dela uste dugun arren, baizik eta bizitzen ari garen testuingurua gainditu ahal izateko neurriak aztertu eta, hala badagokio, proposatu daitezen baizik”, azaldu du Martinez Cerrillok.
Gaur Batzar Nagusietan aurkeztu den ekimenak EH Bilduk erakundeetan defendatu duen Covid tasaren proposamena du oinarri. Covid tasak “datozen garaietan aurre egin behar zaien finantza-beharrei erantzuteko” helburua du. Proposamen hori atzera bota dute EAJk eta PSEk, forma-arazoan oinarrituta Zerga Koordinaziorako Organoaren eskumena direla aipatuta eta ez Batzar Nagusiak edo Eusko Legebiltzarrarenak.
Martinezek azpimarratu duenez proposamena “oinarrizkoa bezain beharrezkoa eta premiazkoa da, salbuespenezko egoera honen aurrean, salbuespenezko neurri fiskalak hartu behar direlako”.
Aiarako Tubacex eta Valvospain enpresetako langileei babes mezuarekin hasi du bere hitzartzea Martinezek, 150 eta 79 pertsona kaleratuko dituztela iragarri baitute.
MTZ