Duela 40 urteko otsailaren 13an Joxe Arregi hil zuten, atxilotuta zegoela sufritutako torturen ondorioz. Joxe Arregi hil arte torturatu zutenean, komisaldegiko buruak dimititu behar izan zuen, gertakariak eragindako mugimendu sozialaren ondorioz. Torturetan parte hartu zuten 72 polizietatik bost atxilotu zituzten, azkar aske uzteko. Epaitu, bi polizia besterik ez zituzten epaitu, eta zazpi hilabeteko zigorra jaso zuten, baina epaia errekurritu ondoren aske geratu ziren espetxea zapaldu gabe. Hau da Euskal Herrian gertatu diren torturen kasuen ondorioa: epaiketarik eta azterketarik ez, ukazioa, torturatzaileei babes politiko eta poliziala, eta justiziak bere lana egin beharrean egitateak ezkutatzen.
Estrasburgoko epaitegiak hamaikatan esan dio espainiar estatuari Tortura kasuak ezin dituela ikertu gabe utzi, oso larria dela torturak egon daitezkenaren susmo hutsa. Kasu honetan ere, espainiar estatuak muzin egiten die Estrasburgoko erabakiei, kasuz kasu kondenatua den arte, artean egun espainiar gobernuko Barne Ministro Grande Marlaskari egotzitakoak. Amnesty International erakundeak espainiar estatua sartzen du behin eta berriz tortura erabiltzen duten estatuen artean, eta azpimarratu du sistematikoak direla.
Estatu batean tortura egoteak demokrazia falta latza erakusten du, baina gainera, hainbeste tortura kasu frogatu eta gero errealitate hau ez onartzea are eta larriagoa da.Nazioartetik behin eta berriz esan izan zaio Tortura kasuak ikertu behar dituela, justizia eta erreparazioa emanez tortura jasan duten biktimei. Badirudi, beste behin ere, Estrasburgoko epaitegiak gogorarazi beharko diola Espainiar estatuari demokrazia bat izateak zer suposatzen duen, Bilbo eta Donostiako apezpikuek gogorarazi zuten bezala, “torturaren bidez defendatzen den gizarteak, bere oinarriak suntsitzen ditu”.
Eusko Jaurlaritzak plazaratutako txosten batek 4113 tortura kasu egiaztatu zituen, Espainiar Gobernu ezberdinek tortura estrategia gisa erabili izan dutela frogatuz. Politika egiteko modu bat izan da torturaren erabilera. Argi dago, identifikatu diren 4000tik gorako kasu horientzat justizia eta erreparazioa beharrezko direla. Eta honen aurrean zer? PSEk txostena argitaratu zen egun berean zioen honek ez zuela zehaztasun zientifikorik, eta ez zuela horrelako txostenik onartuko. Eta PPk Eusko Legebiltzarrean ekimen bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak txostena erretira zezan eskatuaz. Honek ez ditu PSEko edo PPko kideak torturatzaile egiten noski, baina bai kasu hauek aitorpenik edota erreparaziorik ez izatearen nolabaiteko erantzule.
Bizikidetza sanoa lortzeko Euskal Herrian, memoria osoa izateko, Giza Eskubideen aurka egiten diren kasu guztiak salatu ez ezik, gure egin behar ditugu; eta tamalez, tortura kasuekin, justiziarekin bezala gertatzen da Euskal Herrian; benda bat dutela begietan askok. Bada garaia benda hori kentzeko eta aitortza eta erreparazioa eskaintzeko torturatuei ere.