Euskal Ogasunentzat BEZaren gaineko eskumena eskatu du Leire Pinedo, EH Bilduko legebiltzarkideak, horiek zerga biltzaile hutsak baino gehiago izan daitezen.
Pinedok azaldu duenez, EH Bildu kritikoa da BEZaren izaerarekin berarekin, baita “gobernuek zerga honi nahita eman dioten gaindimentsionamenduarekin ere; zeharkakoak zuzenekoak baino bidegabeagoak dira, zerbitzua erostean prezioa berdina baita aberats batentzat zein klase ertaineko pertsona batentzat”.
Cs-PP taldeak ile-apaindegiaren sektorean BEZa jaistea eskatzeko aurkeztutako mozioaren eztabaidan egin du azalpena Pinedok. Harrituta agertu da EH Bilduko legebiltzarkidea Estatu esparruko fiskalitatearen alde egiten duen alderdi batek Madrilena den eskuduntza baten inguruko ekimena Eusko Legebiltzarrean aurkezteagatik.
Pinedok gogorarazi duenez, ile-apaindegiaren sektorea gaztea da, oso feminizatua, batez ere autonomoek eta enpresa txikiek osatua, eta “pandemia baino askoz lehenago ere sufritu du, eta orain horri gehitu behar zaio osasun eskakizunetara egokitzeko egin behar izan duten gastua”.