Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Senatuan egin den klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren lege proiektuaren inguruko eztabaidan parte hartu du gaur. “Legegintzaldiko lege proiektu garrantzitsuenetako bat dugu mahai gainean”, adierazi du. “Klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren legea, argi eta garbi nahikoa ez bada ere, norabide onean doa, eta klima-aldaketaren larrialdia dela eta funtsezkoa den hamarkadaren norabidea markatzen du”.
Idurre Bidegurenek kritikatu duenez, “azken hamarkada denbora galdua izan da, aurrerapenak motelegiak izan dira, eta kontrako norabidean ere joan izan dira”. “Komunitate zientifikoak eta zenbait erakundek aldaketa klimatikoaz hitz egiten hamarkadak daramatzaten arren, kosta egin da kontzientzia hartzea eta ikuspegi estrategikoa duen ekintza politiko irmoa martxan jartzea”, esan du. “Hau egiturazko eraldaketa baten hasiera izatea espero dugu”, gaineratu du.
“Lege honek, beste lege askok bezala, bere argiak eta itzalak ditu. Gustatuko litzaiguke haratago iristea. Anbizio handikoak izatea”, adierazi du senatariak. “Faltan botatzen ditugu zenbait gabezia, adibidez, erregai fosilen gailur produktiboen ondoriozko sor daitekeen krisi energetikoa ez aurreikustea”. “Baina positibotzat jotzen dugu, azkenean, konpromiso juridikoa bat egotea, plan eta konpromiso politikoetatik haratago doana, horiek ere beharrezkoak badira ere”.
Idurre Bidegurenek azpimarratu duenez, EH Bildurentzat lege honetan “argi propioarekin distira egiten duen alde positibo bat dago, 9. artikuluaren amaieratik datorrena. Haustura hidraulikoa edo fracking-a debekatzen duen artikulua. Horri esker, eta oraindik indarrean sartu gabe, lege honek bere lehen ondorio positiboak izan ditu, Eusko Jaurlaritzak Euskadin esploratzen jarraitzeari uko egiten diola iragarri baitu”.
“Legea epe ertain eta luzera begira hartutako konpromisoak lortzeko nahikoa ez den arren, EH Bilduk suposatzen duen aurrerapausoari balioa eman nahi dio”, esan du, eta, horregatik, aldeko botoa eman du. “Zailtasunez betetako bide baten hasiera da hau, baina baita aukera handikoa ere”, gaineratu du.