Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organikoaren proiektuaren eztabaidan eta bozketan parte hartu du. Senatariaren arabera, proiektua “haurren elkarteek eta profesional askok urte askotan zehar eskatutako legea da”.

Idurre Bidegurenek gogorarazi duenez, “haurren eta nerabeen aurkako indarkeria euren eskubideak onartzen ez dituen gizarte batean oinarritzen da”. “Datuek legeak egiteko beharra islatzen dute. Adingabeek jasaten duten indarkeria ez da arazo pribatu bat, arazo sozial bat baizik, indarkeria matxistarekin gertatzen den bezala. Haurren eta gazteen eskubideak errealitate bihurtzeko garaia da, garatu eta bizitza duina izan dezaten”.

Legeari dagokionez, EH Bilduko senatariak nabarmendu du beharrezkoa izateaz gain, “eztabaidan, Kongresuan zein Senatuan, nabarmen hobetu dela”. “Beste aurrerapauso batzuen artean, poztu egiten gara gurasoen alienazioaren sindromearen debekuarekin”, gaineratu du.

“Legea aurrerapauso bat ere bada genero-indarkeriaren ondorioak pairatzen dituzten haurrei dagokienez. Besteak beste, genero-indarkeriako kasuetan zaintza partekatua kentzea bezain beharrezkoa den zerbait aurreikusten da”.

Idurre Bidegurenek gogorarazi duenez, “lege hau onartuta, azkenean lortuko da adingabeen aurkako delituen preskripzio epearen hasiera aldatzea. Orain, biktimak 35 urte betetzen dituenean hasiko da zenbatzen epe hori”.

Zuzenketak

EH Bildu testua hobetzen saiatu da hainbat zuzenketaren bidez, baina guztiek ez dute beharrezko babesa lortu.

Aurkeztutako zuzenketei dagokienez, Idurre Bidegurenek esan du “indarkeriatzat jotzen denaren definizioa ere aurrerapausotzat” jotzen dutela, baina “erakundeen indarkeriaren kontzeptua sartu ez izana faltan botatzen” dutela. Hau dela eta zuzenketa bat sartu da.

Gainera, beste zuzenketa bat aurkeztu dute: “Espainiara bakarrik iristen diren haur eta nerabeei haien adina zehazteko proba mediko inbaditzailerik ez egitea eskatzen genuen”.

Honetaz gain, emendakin bat sartu da “adingabe bat duten familien ohiko etxebizitza utzarazteak bertan behera uztea” eskatzeko, “etxebizitza irtenbide egokia bermatu arte”.

Azkenik, Idurre Bideguren ez dago ados 39. artikuluarekin, “gizarte-zerbitzuei, adingabeen babesari dagozkion eginkizunak betetzean, autoritate agentearen izaera ematen dielako”, eta, beraz, zuzenketa bat ere aurkeztu dute.