Eusko Alkartasunak, Alkartasuna Fundazioaren bitartez, eta Aliantza Libre Europarrarekin batera, “Mugetan Gatibu” Webinarra antolatu zuten. Bertan, tokiko erakundeen, Europako erakundeen eta gizarte-eragileen ikuspegitik aztertu zen egungo migrazio-politiken egoera, milaka pertsona eskubiderik gabe uzten dituztenak; eta landu zen nola aldatu daitezkeen politika horiek herrialde duinak eta abegikorrak sortzeko.

Mugetan Gatibu/Captifs aux Frontières; webinar honetan izan ziren JEAN- RENÉ ETCHEGARAY, Euskal Herriko Mankomunitateko lehendakaria eta Baionako alkatea, ANAITZE AGIRRE, “Irun Harrera Sarea” – Gure mugan harrapatuta dauden migratzaileentzako laguntza-sareko kidea eta JORDI SOLÉ, Esquerra Republicana-ko Aliantza Libre Europarreko Europarlamentaria eta Europako Etorkizunerakobatzordeko kidea. LORENA LOPEZ DE LACALLEK Alkartasuna fundazioko presidente eta Aliantza Libre Europarreko presidenteak moderatu zuen eztabaida.

Lorena Lopez de Lacallek eman zion hasiera webinarrari “neurri zehatzak” planteatzeko eta gai hauek aztertzeko beharra azpimarratuz: “Zer egin behar dugu zehazki mugetan harrapatuta geratzen diren pertsona horiekin guztiekin, zer egin behar genukeen, zer uste dugun oraindik ez dela egiten, nola hobetu Europako koordinazioa, eta zer egin dezakegun jada egingarria den eta oraindik ondo egiten ez den horretan”.

Anaitze Agirrek, “Irun Harrera Sareko” kideak, mugan harrapatutako pertsonen egoera salatu zuen. “Gehienak Mendebaldeko Afrikatik datoz, euren eskubideak sistematikoki urratzen dituzte Europatik inposatzen dizkiegun migrazio politikek”. “Ez da immigrazioaren arazoa, aplikatzen ari diren Europako politiken arazoa baizik”. “Europar Batasuna mugak militarizatzearen eta giza eskubideak urratzearen alde dago”, salatu zuen. Hala, “erakunde publikoek euren betebeharrak bere gain hartzea eta igarobidean dauden pertsonei harrera egitea” eskatu zuen.IMG-20210702-WA0000

Zentzu honetan, “giza eskubideen ikuspegiak dituzten politikak” eta “zirkulazio askerako eta bide seguruetarako politikak” eskatu zituen. Gainera, “migratzaileen eskubideak bermatzeko poliziek egiten dituzten ekintzak ikuskatzea” eskatu zuen, “beroan egiten diren kanporatze sistematiko horiek ez jarraitzeko”. Azkenik, “tokiko administrazioek harrera duina antolatzea” eskatu zuen, eta oinarrizko gaietan babesa behar dutela azpimarratu zuen, “osasun mentalean”, besteak beste.

Jordi Solek gogorarazi zuenez, “EBko barne eta kanpo mugetan horrelakoak gertatzen badira, ez da kasualitatea, erabaki politikoagatik da, estatu kideetan eta Europar Batasunean hori horrela izatea nahi duten gehiengo politikoak daudelako da”. “Pandemia dela eta, Europar Batasuneko barne mugak berragertzen ari dira, eta hori oso agerikoa da migranteentzat, errefuxiatuentzat eta Europar Batasuneko hiritarrentzat. Atzerantz egiten ari dira. Barne mugak berpizten diren bitartean, kanpoko mugak nola gogortzen eta militarizatzen diren ikusten dugu”, gaineratu zuen.

Jean-René Etchegarayk Lehendakariak erakundeek duten boterea baliatu behar dela eremu abegikorrak eratzeko azaldu zuen. Hala, Baionako PAUSA abegi etxearen ateak nola ireki zituzten kontatu zuen: “Azken 3 urteotan 20.000 pertsona pasatu dira Baionatik. Errealitate hori ikusita, behin behineko harrera dispositiboa jarri genuen udaletik martxan, Estatu frantziarraren laguntza itxaroten genuen bitartean. Hau izan zen baina gobernu zentraletik jaso genuen mezu bakarra: Ezin diezue laguntza eskaini pertsona hauei; ez da zuen eskumena. Ez dugu beste erantzun politikorik jaso. Bai ordea, erantzun humanitarioa; hamaika erakunde eta herritarrek eskatu digu esku hartze zuzena izatea, eta hala egin dugu. Egoitza militarra izan zena Udalaren kargu egin, eta han 500 bat lagunek PAUSA egin dezaten ahalbideratu dugu”.

Txikitik eragiten, politika handiei aurre egin diezaiokegula erakutsi zuen Etchegaraik, Europak zer esan zuzena duela migrazioen kontuan adierazten zuen bitartean. “ Europar Batasunaren oinarriak ez al dira bada aniztasuna, elkartasuna eta herrien eta herritarren arteko harremana estutzea? Bada, migrazioari esker bueltatu daiteke Europar Batasuna bere oinarrietara”

Bideoa hemen ikusi dezakezu: https://youtu.be/3QCjfC1q1A8