Bizkaiko Foru Gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk entzungor egin diote Petronorreko langileek erakundeari egindako babes eskaerari, salatu du Iker Rahona, EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasunaren Bizkaiko koordinatzaileak.
Petronor herrialdeko industria handienetakoa dela eta lan gatazkan murgilduta dagoela gogoratu du Rahonak, baita ere justizia-auzitegiek dagoeneko ebatzi dute enpresak onartutako EBEE ez dela legezkoa.
Egoera horretan, “enpresaren negozioaren jarraipena ziurtatuta dagoela, ematen du baina ez enpleguaren jarraipena”, ohartarazi du batzarkideak. Eta hori oso kezkagarritzat jo du, Aldundiak auzi horretan zeresan handia duela azpimarratuz: “Ez luke ikusle soila izan behar”.
Hala ere, EAJ eta PSE langileen eta beraien aldeko aldarrikapenak babesteko akordio dokumentua adostearen kontra aritu dira. Ondorioz, “hitz onak jaso dituzte baina ezer gehiago, eta eztabaidan egon diren jarrerak oso nabarmenak izan dira”.
Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan egin den Batzordera iritsi aurretik ere, EH Bilduk, Elkarrekin Bizkaiarekin batera, neurri zehatzak landu ditu, besteak beste, EBEE kentzearen alde, are gehiago epailearen erabakiaren ondoren. Lehenik, adierazpen instituzionala sinatzen saiatu ziren, baina EAJk eta PSEk ez zuten onartu; ondoren, Ez Arauzko Proposamenari ere ezezkoa eman zioten Gobernuko bi alderdiek eta PPk. Era berean, Ainara Basurko foru diputatuari galdera egin zion Rahonak, Petronorren lan-gatazka konpontzen laguntzeko aurreikusitako neurriak zehazteko eskatzeko.
Iker Rahona BARAKALDO