Maroko eta Europar Batasunaren arteko akordioak baliogabetzen dituen epaiak sahararren subiranotasuna eta bere ordezkaritza politikoa aitortzen ditu
Eusko Alkartasunak aurrerapauso garrantzitsutzat jo du Maroko eta EBren arteko arrantza eta nekazaritza arloko akordioak baliogabetzen dituen Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, Sahararen erabakitze eskubidea eta bere ordezkaritza politikoaren, Fronte Polisarioa, aitortza dakarrela azpimarratuz.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak onartu egin du estaturik gabeko nazio batek bere lurraldearen, lehengaien eta baliabide naturalengan duen subiranotasuna, eta Saharako herriarentzat mugarria da hori baina baita estaturik gabeko gainerako nazioentzat, Lorena Lopez de Lacallek, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkariak, adierazi duenez: “Auzitegiak herrien autodeterminazioari buruzko iritzia eman du, eta zentzu oso positiboan”.
Era berean, Eusko Alkartasunako ordezkariaren esanetan, garrantzitsua da Fronte Polisarioa nazioarteko solaskide zilegitzat aitortzea, NBEk behin baino gehiagotan egin duen bezala.
Epaia, gainera, saharar jendarteak berriro ere errepresioaren handitzea bizi duen unean iritsi da epaia. Horregatik, Eusko Alkartasunak, “Europar Batasunak Mendebaldeko Saharari eta bere lurretan eta Tindufeko kanpamenduen artean banatuta dagoen gizarteari bidezkoa den konponbidea” eman behar zaiola azpimarratu du berriro ere.