Kooperatiben legea eguneratzeko eztabaidan kooperatibismoa enpresen munduari modu ezberdinean erantzuteko tresna paregabea dela adierazi du Leire Pinedok. Gaur Legebiltzarrak eztabaidatutako Euskadiko Kooperatiben Legea aldatzeko Lege proposamenean EH Bilduk Kooperatiben izaerarekin bat egiten duela adierazi du legebiltzarkideak eta kooperatibek Euskal Herrian duten garrantzia eta eragina positiboki baloratu du.
Kooperatiben legea eguneratu beharra onartu du Pinedok, “gaur egungo egoerak ez baitu zerikusirik 1993koarekin”. EH Bilduk lege berrian ekarpenak sartzeko aukera izan zuela gogoratu du ere, hala nola, “administrazio organo gorenetan, emakume eta gizonen ordezkaritza parekatuta izan behar izatea, adibidez”. Eta arau berriak “kooperatiben babes legala hobetuko” ere esan du Pinedok, bere egunean koalizioak legeari baiezko botoa zergatik eman zuen azaltzeko.
Hala ere, gaurkoan abstentzioa izan da EH Bilduren aukera, “Bitariko Lankidetza Batzordearen baitan hartutako akordio bati bide” ematen diolako eta horrek “estatuak Legebiltzarrean onartutako legeetan Estatuari eskua sartzeko aukera ematen dio”. Hori akatsa izanda ere, EH Bilduren baiezko botoa ezinezko egin duela argi utzi du Pinedok: “Teknizismo hutsa bada egin dezala aldaketa proposamena Jaurlaritzak, errore bat egon bada, proposatu dezala aldaketa eta onartu dezala errorea”.
Izan ere, “EH Bildu ez da oztopo izango Kooperatibek euren jarduerarako behar dituzten tresnak izateko baina EH Bilduk ez du Madrileko gobernuak legebiltzar honetako legeetan esku sartzea babestuko”.
IMG-20210222-WA0008