Bizkaiko Foru Aldundiak garatzen duen turismo-kudeaketak ingurumenarekiko arduratsua izan behar du, dibertsifikatua, herri-ikuspegiarekin eta sektoreko lan-prekarietatearen aurka borrokatuko duena. Hala azaldu du Iker Rahona, EH Bilduko batzarkide eta Eusko Alkartasuneko Bizkaiko koordinatzaileak Batzar Nagusien Osoko Bilkuran. Gero eta pisu handiagoa duen sektore ekonomikoa da turismoa, etengabe garatzen ari da gainera; beraz, zaindu egin beharrekoa, Rahonak ohartarazi duenez, alde onak eta txarrak dituela jakinda.

Iraunkortasuna, kontsumo-joera berrietara egokitzea edo Bizkaiko turismo-kudeaketaren diseinuan tokiko eta lurraldeko garapen orekatuari egindako ekarpena aztertzeko beharra defendatu du Rahonak besteak beste. Batzarkideak gogora ekarri duenez, EH Bilduren apustua da “euskal legea garatuko dituzten turismo-plan estrategikoak onartzea, beti ere ikuspegi jasangarri, sozial eta arduratsuarekin”.

Hori guztia udal, mankomunitate, Aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioarekin egin behar da, baita Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko Elkargoarekin batera ere, eta, azkenik La Rioja, Kantabria, eta Gaztela eta Leongo gobernuekin. Bizkaiak, azpimarratu du Rahonak, “eskaintza turistiko zabala du, eta ezin dugu ezagunena dena bakarrik landu: hiri handiak eta ikur zehatzak. Badira beste baliabide eta esperientzia batzuk, horien parekoak edo hobeak, Bizkairako egokia den turismo mota erakartzen lagunduko luketenak”.

Lanaren ikuspegitik, Rahonak babestu egin du Elkarrekin Bizkaiak herrialdeko sektore turistikoari lotutako prekarietatearen aurka borrokatzeko egindako aldarrikapena: “Turismoa industria gisa tratatu behar da, prestakuntzan eta lan-baldintzen hobekuntzan oinarritutako kalitatezko enplegua sustatuz”.

Iker Rahona BARAKALDO