Ticket Bai sistema ezartzearen alde egin du EH Bilduk iruzur fiskala eragozteko, baina 20.000 zergadun baino gehiago inplikatzen dituela ohartarazi du eta martxan jartzeko hurbiltasuna eta babesa eskatu, inor atzean ez uzteko: “Iruzur fiskalaren gaitzari aurre egiteko, ekimen guztiak ongietorriak dira”.
Horixe azaldu du Nerea Martinez batzarkideak gaur egindako Osoko Bilkuran, “iruzur fiskala kontrolatu eta saihesteko helburuarekin egiten diren neurriak” defendatuz. Elkartasunik ezari aurre egin behar zaio, adierazi du Martinezek: “Hori lehentasunezko gaia izan behar dela erakundeen agenda politikoetan”.
Batzarkideak sistema erabiltzeko prestakuntzarik ez duten pertsonei ikastaroak emateko Elkarrekin Podemosek egindako proposamena defendatu du. Bere ustez, “eten digitalaren arloan Arabak dituen ezaugarriekin, egokia da kolektibo horrentzako prestakuntza-programa egitea”. Era berean, ontzat eman du prestakuntza behar duen kolektiboarentzat luzapen-mekanismoak ezartzeko aukera.
Azkenik, Martinezek azaldu du bere taldeak ez duela Ticket Bai sistema ezartzeko neurri zuzen eta unibertsalak ezartzeko aukera babesten. Laguntzarik egotekotan, “horiek pertsonalizatuko mekanismoak izatearen alde agertu da, baina 0 kostu unibertsalik gabe, EH Bilduk ez baitu ´guztiontzat kafea´ irizpidearekin bat egiten.
Martinezek bere taldeak ingurumenarekin lotutako neurri fiskalei buruzko foru arauaren proiektuan duen jarrera defendatu du gaur ere. Hala, egungo larrialdi klimatikoari benetan aurre egin nahi bazaio, alor horretako fiskalitateari buruzko eztabaida serio eta sakona egin behar dela aldarrikatu du, gaur aurkeztutako foru arauak proposatzen dituen partxeoak alde batera utzita.