Pozik agertu da Idurre Bideguren, EH Bilduko senataria, aurkeztutako zuzenketekin Trafiko eta Bide Segurtasunaren Legea hobetzea lortu dutelako, batez ere txirrindulariei dagokienez. Bidegurenek esan duenez, une egokia da “araudia eguneratu eta errealitate berrira egokitzeko eta etorkizuneko mugikortasunerako urratsak emateko, eta horretarako segurtasun juridikoa eta bide-segurtasuna behar dute txirrindulariek”.
Egun, hiri atseginagoak egite aldera, “motordun ibilgailuentzat zirkulazioa arintzeari lehenesteari utzi behar zaio, eta trafiko lasaiagoaren aldeko apustua egin behar da, kolektibo ahulenen -txirrindulari eta oinezkoak- segurtasuna bultzatzeko; autoak protagonismoa galdu behar du”.
Hori lortzeko neurri zehatzak behar dira; izan ere, bizikletaren erabilera sustatzeko “erosoa eta oztoporik gabea izan dadin lortu behar da; bizikletaz mugitzeak segurua eta erraza izan behar du”.
Bidegurenek azpimarratu duenez, EH Bilduren ekarpenek proposatutako testua hobetu dute, Europar Batasuneko beste estatu batzuetan aspalditik egia diren aurrerapenekin: “Egia esan, asko dago egiteko bizikletaren erabilera horren aldeko apustu serioa egiten duten herrialdeen parera jartzeko”.
conBici koodinadorari eta EH Bildurekin gai honetan elkarlanean aritu diren elkarteei emandako laguntza eskertuz amaitu du Bidegurenek Senatuko Osoko Bilkuran egindako hitzartzea.