Biktimek denbora gehiegi itxaron behar izan dute
Eusko Alkartasunak hamarkadetan egindako lanai sari handia da 25 milioitako amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa, eta amiantoren eragina pairatu duten pertsona guztientzako lasaigarria ere bada. Hego Euskal Herrian bakarrik, 1999az geroztik, 825 pertsona hil dira amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz sortutako gaixotasunengatik; 7.000, Estatu osoan, eta horiei asbestosiaren, biriketako minbiziaren eta denbora horretan izandako gaixotasun arinen kasuak gehitu behar zaizkie.
Gaur goizean, Iker Rahona, EH Bilduko Bizkaiko batzarkide eta EAko Bizkaiko koordinatzaileak eta Eba Blanco, Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteorde eta alderdiko jarduneko idazkari nagusiak bilera egin dute Amiantoak Kaltetutakoen Elkartearekin. Bertan, bi ordezkariek atzo EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak sinatutako akordioaren nondik norakoak azaldu dizkiete Patxi Kortazar eta Begoña Vila elkarteko kideei, eman beharreko hurrengo pausoen berri eman diete, eta EH Bilduk bere eskubideak bermatzeko lan egiten jarraitzeko konpromisoa agertu diete.
EAko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteorde Eba Blancok konpromisoa hartu du Amiantoak Kaltetutakoen Elkartearekin Gasteiztik eta Madrildik elkarteekin eskuz esku lanean jarraitzeko, orain arte egin duen bezala, amiantoaren biktimak zainduko dituen lege duina ateratzeko. Horretarako, helburua lortzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak aurrera eramateko prest agertu da.
Amiantoaren biktimei errekonozimendu legala eta ekonomikoa emateko Eusko Alkartasunak duela hamarkada batzuk hasitako borroka jaso du EH Bilduk Estatuko Aurrekontuen negoziazioan. Aurtengo apirilean, Eba Blancok, EH Bilduko legebiltzarkide eta Eusko Legebiltzarreko bigarren presidenteorde gisa, amiantoak kaltetutako pertsonak aitortzeko lege-proposamena aintzat hartzeko ekimena aurkeztu zuen Diputatuen Kongresuan. “Bada amiantoaren biktima guztiei kaltea konpontzeko garaia”, esan zuen orduan Blancok. Atzerapenarekin, baina ordua iritsi da eta Eusko Alkartasunak hamarkada askotan egindako lana errekonozitu du.

 

2011n, Juanjo Agirrezabala, Eusko Alkartasuneko legebiltzarkideak amiantoaren eta horren ondorioen zaintza areagotzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, Joseba Azkarragak gidatutako Enplegu Sailak 2000ko hamarkadaren hasieratik sakon landu zuen gairi segida emanez. Gaur egun errealitatea denaren ernamuina gehitu zuen Agirrezabalak orduan: Espainiako Estatuaren esparruan kaltetutako pertsona guztientzako Konpentsazio Funtsa bultzatzea.
2015ean, Eusko Legebiltzarreko Enplegu Batzordeak ponentziaren txostena onartu zuen, Agirrezabalaren lanean jatorria zuen amiantoak eragindako arazoei buruz. Orduan, Ganberak Amiantoaren Konpentsazio Funtsa sortzeko eskatu zion Espainiako Kongresuari, material horren biktima izan diren langileei kalte-ordainak eskuratzea errazteko.

amianto