“Legegintzaldiaren azken fasean sartuko gara, eta hitzetatik ekintzetara igaro behar dugu”. Idurre Bidegurenek argi hitz egin du Espainiako Gobernuari legegintzaldian lortutako akordioak bete ditzala eskatzeko, baldin eta une honetan dituen sinesgarritasun eta gehiengo guztiak galdu nahi ez baditu. Era berean, EH Bilduko senatariak bere taldea Gobernuak planteatzen dituen aldaketak babesteko prest dagoela adierazi du, eta horretarako, eskuindarrek Estatuko Aurrekontu Orokorrei jarritako betoen aurka agertu da.
Bidegurenen ustez, “politika publiko egokiak hedatzea eta eredu bidezkoago eta iraunkorrago baterantz jotzea da gakoa”. “Kontu horiek eta etorriko diren erreformak –zerga-erreforma, pentsio-erreforma edo lan-merkatuarena– beharrezkoak dira eraldaketa horretan aurrera egiteko”, eta Europako funtsen kudeaketak ere garrantzia izango du horretan.
Estatuko eskuineko alderdiek aurrekontuei jarritako betoak “beldurra sortzen” dutela eta “gorrototik sortuak” direla esan du senatariak. Beldurra sortzen dute, lan-prekarietatea eta desberdintasuna betikotzen dituztelako, ez dute egungo kontsumo eta ekoizpen-eredua gainditzeko alternatibarik eskaintzen, eta zerga gutxiago biltzea proposatzen dute, nahiz eta horrek gizarte-babes txikiagoa, pentsio baxuagoak eta sektore publiko gero eta ahulagoa ekarri.
Eta gorrototik sortuak, independentismoaren, euskararen, katalanaren, galizieraren eta beste hizkuntza batzuen aurkako gorrotoz betetako aukera delako; emakume feministak eta pertsona migratzaileak ere gorroto dituzte, gutxienez, migratzaile pobreak. Bidegurenek gogorarazi duenez, EH Bilduren helburu politikoa Euskal Errepublika Independentea eraikitzea da, baina Madrilen egiten duen lanarekin euskal herritarren eta estatuko gainerako langileen baldintza ekonomiko, sozial eta laboralak hobetzen lagundu nahi du.