Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren Lege Proiektua eztabaidatu eta onartu du Senatuko gaurko Osoko Bilkurak. Ezinbestekotzat jo du Idurre Bideguren, EH Bilduko ordezkariak BGDS eta eraginkorra izan dadin herritarrengandik gertuen dauden erakundeek kudeatuko dutela bermatu behar dela zehaztu du. Horrela, Bidegurenek BGDS osoa Hego Euskal Herriko erakunde nagusietara transferitzea aldarrikatu du.
Neurria abian jartzeko premia azpimarratu du senatariak, EH Bilduk eskumena ahalik eta azkarren transferitzea espero duela esanez eta “kolektibo ahulenen oinarrizko beharrak bermatzeko modurik onena egoera zehatza hobekien ezagutzen duten erakundeek kudeatzea” dela azpimarratuz.
Legeari dagokionez, “Ongizate Estatua indartu nahi eta justizia sozialaren alde egiten duen inor ezin dela BGDSren aurka egon”, esan du Bidegurenek: “Muturreko pobreza egoeran dauden pertsona kopuru handiarekin eta Europar Batasuneko errenta-banaketa desorekatuena izanda, oso arraroa da Estatuak pobrezia-arrisku orokorrari aurre egitreko balio duen prestaziorik ez izatea; EBko estatu gehienek badute, gainera”.
Hala ere, Madrilgo Gobernuarekin akordiorik lortu ez izana kritikatu du senatariak. Izan ere, BGDSren transferentzia osoari buruz ez da akordiorik egon ezta funtsezkotzat jo duen beste gai baten inguruan: 18 eta 22 urte bitarteko gazteak baztertzeari buruz, hain zuzen. “Legeak gazteria diskriminatzen du, adinagatik bakarrik uzten baitira BGDStik kanpo, gainerako baldintza ekonomiko eta familiar guztiak Beteta”, salatu du Bidegurenek. Gainera, “ekonomikoki egoera okerrena duen pertsonen adin-taldea dira gazteak: Pobreziak gazte aurpegia du egun”.
“Gazteak gaitasun, eskubide eta betebehar guztien jabe diren pertsona bezala tratatzeko ordua” iritsi dela esan du Bidegurenek, Estatuko Gobernuaren erabakiaren aurrean. Are gehiago “gazteen egiturazko egoera oso konplikatua denean, enplegua eta emantzipazioaren ikuspegitik, seme-alabak izateko nahiaren arloan, osasun mentalari dagokionez, etabar”.