Alderdiaren estatutu berriek eta txosten politikoak konpromisarioen ia %90ren babesa jaso dute

Eusko Alkartasunaren Ezohiko XIV. Kongresu Nazionala gaur goizean hasi da Bilboko Euskalduna Jauregian, kongresuko mahaia eratuz eta idazkaritza nagusiaren kudeaketa onartuz. Eba Blancok idazkari nagusi gisa egindako kudeaketaren defentsa egin du eta aurkako botorik gabe onartu da. Aldiz arratsaldean, biltzarreko osoko bilkurak estatutu berriak onartu ditu botoen %89,92rekin, eta ponentzia politikoak %89,08ren babesa lortu du.

 

EzOhikoXIVBiltzarNazionala

Eba Blanco idazkari nagusiak saio osoa normaltasun osoz egin dela esan du. “Ponentzia politikoa onartzeak erakusten du proposamen integrala dugula Euskal Herrirako. Eta, bestalde, estatutuen aldeko gehiengoak erakutsi du berme demokratiko handienak dituen funtzionamendu-araudia dugula”, baloratu du.

Lau afiliatuk eskatuta, Gasteizko Lehen Auzialdiko 3. Epaitegiak ukatutako Kongresu Nazionalaren aurkako kautelazko neurriei inguruan, Blancok azpimarratu du “bagenekiela kongresura berme politiko guztiekin etortzen ginela, baina atzotik badakigu berme judizial guztiekin gatozela ere”.

Jarraian nabarmendu duenez, “otsailean kongresu presentzial bat eskatzen zuten pertsonek, hautestontziak eta txartelak eskatzen zizkigutenek, gaur eta bihar zain izango dituzte, eta berriro ez dute etorri nahi izan”. “Hain zuzen ere galduko dutela badakitelako ez dira etorri”, esan du.

Bihar izanen da zuzendaritza eta ordezkaritza organoetarako bozketen txanda. Batzorde Nazionala, (idazkaritza nagusia barne), Kontseilu Nazionala, Batzar Nazionalaren eta Bermeen Batzordea osatuko dira.