• Antxon Belakortu (Gasteiz), Galder Agudo (Bilbo) eta Mikel Osinalde (Donostia) dira.
Eusko Alkartasunaren Batzar Nazionalak atzo aukeratu zituen Gasteiz, Bilbo eta Donostiako koordinatzaileak, Antxon Belakortu, Galder Agudo eta Mikel Osinalde, hurrenez hurren. Erabakia Eusko Alkartasunak azaroan egin zuen Kongresu Nazionaletik eratorritako Batzar Nazional berria eratzeko bilkuran hartu zen.
Kongresuan bertan gehiengo osoz onartutako estatutuek argi eta garbi diote hiriburuetako koordinatzaileen izendapenak Batzar Nazionalaren eskumena direla. Halaber, ezarritako epearen barruan hiriburuetako edozein afiliatuk aipatutako karguetara bere burua aurkezteko aukera izan du.
Antxon Belakortu, 1969an jaioa, Gasteizko koordinatzaile berria da. Bere ibilbide politikoan nabarmentzen da Miñano Goienako alkate eta Gasteizko Udaleko zinegotzi izatea (2001-2019). Bestalde, elektronikan espezialista gisa eta erosketa-zentraleko merkatari eta kudeatzaile gisa egin du lan.
Galder Agudo aukeratu dute Bilboko koordinatzaile. 1999ean jaio zen Bizkaiko hiriburuan eta Ingeniaritza zibileko ikaslea da. Bere ibilbide politikoan Gazte Abertzaleko Bizkaiko koordinakundearen ardura nabarmentzen da.
Donostiako koordinatzaile berria, Mikel Osinalde, 1989an jaioa, Gazte Abertzaleko komunikazio-idazkaria izan zen 2015 eta 2019 artean. Arkitektura Gradua du eta Diseinu Grafikoko ikaslea da. Ostalaritzaren sektorean egin du lan eta gaur egun Gipuzkoako Antolakuntzaren arduraduna da.