“Bere herriarekiko leialtasun osoaren adibide dira garai hauetan bere zilborrera bakarrik begira dagoen jendearen aurrean” esan du Blancok
Eusko Alkartasunak, Alkartasuna Fundazioarekin batera, aurten ere Itsas Gudari Eguna ospatuko du Bermeon. Itsas Gudari Eguna Gerra Zibilean euskal autogobernua defendatzen eta faxismoa geldiarazteko bizia eman zuten gudariei egiten zaien omenaldia da.
Goizeko 11:00etan lore eskaintza egingo da Nestor Basterretxearen “Matxitxakoko Guda” eskultura dagoen tokian. 12:15etan Bermeoko Kafe Antzokian Aingeru Astui, itsas kapitaina, idazlea eta Arrantzaleen Museoaren zuzendari ohiak emango dio hasiera ekitaldiari. Matxitxakoko batailari buruz arituko da hain zuen ere. Ondoren EH Bilduko senataria den eta Bermeoko alkatea izandako Idurre Bideguren eta egun udalerriko koalizioaren alkategaia, Asier Larrauri gaurkotasunaren inguruan solasetan ibiliko dira. Gainera Eba Blanco, Eusko Alkartasuneko Idazkari Nagusiak ere parte hartuko du.
“Itsas gudariak bere herriarekiko leialtasunaren adibide garbia dira jendea bere zilborra begira eta bere interesen menpe dagoen garai zail hauetan. Aurten ere Bermeon egongo gara askok beren bizitzekin ordaindutako konpromisoa bihotzez eskertzeko”, adierazi du Blancok.