Otsailaren 6an lurra dar-dar egin zuen Kurdistanen. Komunikabideek etengabe hitz egiten dute Turkiaz eta Siriaz, baina ez dute esaten gehienak herrialde kurduak direla.
Eta beharrezkoa da hori azaltzea, horrela hobeto ulertzen baita zergatik Turkiak eta Siriak denbora behar izan zuten biktimei laguntzeko; zergatik Erdoganek Larrialdi Egoera ezarri zien hiru egunetan turkiar aldean, eta zergatik zentralizatu duen larrialdietarako laguntza guztia AFAD Agentzia sortuz Barne Ministerioaren eskutik.
Aldiz, tokiko komunitateek, hasiera-hasieratik, ahaleginak bideratu eta koordinatu zituzten biktimak erreskatatzeko, zauritutako pertsonei laguntzeko eta hondamendi hartan dena galdu dutenei laguntzeko. Baina Turkian ere lurrikara politiko, ekonomiko eta sozial handia bizi da.
Hauteskunde orokorretarako deia 2023ko ekainaren bukaera baino lehen egin behar zen. Erdoganek maiatzaren 14ra aurreratu zituen, baina askok uste dute ekainetik aurrera ere atzeratuko dituela, juridikoki ezinezkoa bada ere. Eta atzeratu egingo ditu, ez zaiolako komeni orain ospatzea, iraganeko eta egungo kudeaketarekin gero eta lotura eta kritika handiagoa baitu.
Autokraziek, hala nola Erdoganen erregimena, ez dute aintzat hartzen botereen banaketa, eta botere judiziala eta are botere legegilea ere erabiltzen dute, komeni zaielako. Erdoganek moldatu egin du legea, bere xedeetara egokitzeko, eta hauteskundeak legea urratuz atzeratzen baditu, ez litzateke lehen aldia izango. Hor ditugu adibidez Kobane kasuan, buruzagi kurduek jasatutako jazapen politikoa edo atzeratu nahi izan ez den apirilaren 11rako ezarritako HDP ilegalizatzeko Konstituzio Auzitegi turkiarraren epaiketa.
Erregimenaren helburua da oposizioko alderdi kurdu nagusiaren ordezkaritza politikoa eta Turkiako parlamentuko eserleku kopuruan hirugarren alderdia, hau da HDPrekin amaitzea. Eta zergatik? Izan ere, HDP Turkiako bizikidetza baketsuaren alde egiten duen alderdia delako, bere kideen artean beste gutxiengo batzuen ordezkaritza zabala duelako, hala nola armeniar edo yazidiak, eta haintat turkiar ere estatu plurala, laikoa eta aurrerakoia defendatzen dutelako. Barne Ministerioak salaketa faltsuak egin zizkien HDP-ko 20 parlamentariri, eta bada garaia Erdoganen erregimena eta Erdogan bera agerian uzteko. Haren helburu bakarra da 2014az geroztik boterean irautea, oinarrizko askatasun eta eskubide guztiak atzeraka jotzearen kontura, zapalkuntza eta larderia erabiliz herri-protesta isilarazteko eta eragozteko. Eskrupulurik gabeko zentsura egiten du eta disidentzia guztiak zigortzen ditu. Abokatuek, kazetariek, eta feministek beren haragietan sufritzen dute: kargurik gabe atxilotuta, epaiketarik gabeko kartzelaratuta eta epaituak izan direnak inolako berme juridikorik gabe. Eta batez ere emakumeengan tematzen da, beraien aktibismoagatik eta adoreagatik, jarrera bakezale baina era berean erronkarako prest nahitaez zapaltzen dituen botere autokratiko baten aurrean. Erdoganek 2021ean genero indarkeriaren aurkako Istanbuleko Hitzarmenetik Turkia erretiratzea ez da kasualitatea.
Guzti hau pairatzen duena turkiar herri osoa da, bere aniztasun osoan.
Lurrikarak agerian utzi du zabalean ustelkerian murgilduta dagoen erregimen baten ondorioak, non garapen neurrigabeak hirigintzako legeria guztia zapaltzen baitu, non meskiten eraikuntza geldiezina da muturreko islamizazioak behartuta. Erdoganek berak jauregi ikusgarria eta izugarria eraiki du Ankaran, lurzoru urbanizaezinean.
Salatu behar da halaber Europar Batasunaren eta bere Estatu kideen gelditasuna eta adeitasuna, guzti onen berri direlako, baina isilik daudelako era berean. Erdoganek zoragarri esplotatzen dituen interes ekonomiko eta geopolitikoak babesten dituzte eta berak Otomandar inperio berri bat sortzeko ametsak betetzeko erabiltzen du.
Hala ere, Erdoganen erregimena kolokan dago. Lurra bere oinen azpian irekitzen da.
Lorena López de Lacalle, Nazioarteko Politika Idazkaria eta EALko Lehendakaria.