Pasa den abenduaren hasieran HTS (Hay’at Tahrir al-Sham) talde yihadistak Damasko hartu zuenetik Siriako egoera are eta okerrago bilakatzeko arriskua dago. Talde moderatu bezala aurkezteko saiakerak egon badira ere, ankerkeria, exekuzio eta murrizketen albisteak ezagutu ditugu, bereziki emakumeengan eragina izan dutenak.

Siriako herrietako emakumeak izan dira, hain zuzen, azkeneko 13 urteetan zehar gehien sufritu dutenak; gerra, migrazioa, ISIS taldearen okupazioa eta indarkeria… Sufrimendua mantentzen da oraindik ere Idlib, Afrin edo Serakani bezalako guneetan, Turkiak babestutako talde armatuek eginiko bahiketa eta hilketekin.

Sufrimendua nagusi izan da urte hauetan, baina baita borroka eta antolakuntza ere, besteak beste Siriako Emakumeen Kontseiluaren sorrerarekin. Siriako iparraldean eta ekialdean borrokan diharduten emakumeek antolatu egin dira bizitzako hainbat eremutan, aurrerapauso nabariak lortuz. Gizarte subirano baten eraikuntzarako Kurduek aurrera eramandako proiektuan paper zentrala izan dute.

Garai berri bat ireki da orain Sirian eta ezinbestekoa izango da emakumeen borondatea onartzea, bidezko ordezkaritza bermatuz. Herrialde demokratiko, justu eta seguru bat eraikitzeko beharrezkoa da emakumeen eta talde erlijioso, kultural eta etnikoen arteko batasuna eta berdintasunezko partehartzea.

(Siria demokratiko baten eraikuntzaren alde Siriako Emakumeen Kontseiluak kaleratutako adierazpenaren zatia)