EH Bildurentzat agente politiko efizienteenean bilakatzeko ibilbidearekin bateragarria eta paraleloa izango da prozesu hau
Egunerokotasuneko eraginkortasunean eta, zentzu honetan, ordezkagarritasunean ere aurrera egiteko plan estrategiko bat abiatu dugu. Alderdiaren zuzendaritzak bultzatutako plana da eta hainbat fase barneratzen ditu. Bere ondorioak militantziarekin elkarbanatuko dira 2026ko ohiko kongresua baino lehen.
Eba Blanco de Angulo idazkari nagusiaren hitzetan, “Eusko Alkartasunaren bizitzaren momentu erabakigarrienetako batean gaude, zalantzarik gabe”. Azaldu duenez, “Autokritika eraikitzailean oinarrituta, alderdiaren errealitate sozialari zein herrialdearen errealitate politikoarekin eguneratuta ez dauden dinamiken inertzia behin betiko aldatzeko garaia dela erabaki dugu zuzendaritzatik”.
“Argi dago ez dugula beste garai batzuetako indar politiko berdina, baina euskal gizarteari zer esan badugula uste dugu eta horrekin tematuta gaude”, gaineratu du Blancok. Ezkerrean pausoa markatzea da helburua, sozialdemokrazia eraldatzailetik eta alderdiak historikoki mantendu duen bakearen defentsa eta indarkeria guztien biktima guztien eskubideen aitorpenetik. “Nola ez, Eusko Alkartasunak langile klasea zainduko du, baita enpresak, ETEak eta langile autonomoak ere. Hauek ere Euskal Herria dira. Eta, nola ez, argi defendatuko dugu edozein motatako indarkeriak, datorren lekutik datorrela, ez duela zentzurik, ez justifikaziorik. Zentzu honetan pausoak emateke daude oraindik eta bide horretan laguntzeko prest gaude” azaldu du.
EH Bildu
Euskal Herria Bilduren parte bezala daukagun paperarekin guztiz bateragarria da abiatu dugun prozesua. Blancok azaldu duen moduan: “Argi dago EH Bildu dela gure helburu amankomuna lortzeko aukera gehien dituen tresna politikoa; eskubideetan berdinak izango diren pertsona librez osatutako Euskal Errepublika, alegia. Hortaz, mugimenduarentzat ahalik eta eraginkorrena izango den agente politikoa izan behar gara”.
“Askok bestela gertatzea nahi badute ere Eusko Alkartasuna ez da desagertuko”, adierazi du idazkari nagusiak. Alderdiak abiatutako plan estrategikoaren helburua, hain zuzen, kontrakoa da. “Agente politiko autonomo bezala EH Bildu osatzen dugun alderdiok paper erabakigarria izaten jarraitzen dugu gaur egun, bai komunitatearen barnean zein kanpoan, eta planteatzen dugun erlazionatzeko modu berriarekin guztiz bateragarria da hori. Eusko Alkartasunaren influentzia maila aukera politiko mamitsu bat eskaintzeko gaitasunean oinarritu eta justifikatu behar da”, ondorioztatu du.