Hainbat ekimen burutuko dira Bermeon, Eba Blanco, Idurre Bideguren, Zelai Nikolas eta Irantzu Perello elkartuko dituen solasaldia besteak beste

 

Urtero bezala, alderdiaren Alkartasuna Fundazioak Itsas Gudari Eguna ospatuko du Bermeon, martxoaren 2an, 1937an Matxitxako lurmuturraren inguruetan gertatutako itsaso-borroka oroitzeko asmoarekin. Nestor Basterretxearen ‘Matxitxakoko Guda’ eskulturan egingo den omenaldiarekin batera, ‘Demokrazia. Erabakia. Subiranotasuna’ solasaldia ere antolatu du Fundazioak.

Egunaren jarduerak hasteko, ohiko lore-eskaintza egingo da itsasoan. Goizeko 11:00etan ekitaldiek lehorrean jarraituko dute ikurrinaren altxaerarekin eta gudariei omenaldiarekin ‘Matxitxakoko Guda’ eskulturan. Orain dela 88 urte bertako uretan borrokatu zuten itsas-gudariak oroituko ditu Alkartasuna Fundazioak.

Ondoren ‘Demokrazia. Erabakia. Subiranotasuna’ solasaldia burutuko da Bermeoko Kafe Antzokian. Lehen mailako hizlariak elkartuko dira bertan: Eba Blanco de Angulo, Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusia, Idurre Bideguren Gabantxo EH Bilduko senataria eta Bermeoko alkate ohia, Zelai Nikolas Ezkurdia legelaria eta Irantzu Perello Lafuente Gure Eskuko kidea, hain zuzen.

Euskal Herriaren estatus politiko berriaren eta berme guztiekin erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio sozialari buruzko topaketa izango da. Gaia bai erakunde publikoetatik egindako lanaren, zein eragile eta legelarien ikuspuntutik jorratuko dute aipatutako lau emakumeek. Hortaz, Estatutu berriaren proposamena, Europar Batasunean argitasun esparru baten beharra, negoziazio politikoa, eta ‘Gure Esku’-ren lana aztertuko dira, besteak beste.

Cartel IGE