Estatus politiko berriaren negoziazioa legealdirako lehentasun bezala berreskuratu behar dela azpimarratu dugu 

 

Estatus politiko berri baterako bidea sozialdemokraziatik jorratzea aldarrikatu du gure Harreman Instituzionaletako idazkari Iker Ruiz de Egino Begoñak, Alkartasuna Fundazioaren Itsas Gudari egunean. “Oro har euskal gizartea aurrerakoia da baina kontserbadorea aldi berean. Gehiengook muturreko ideologietatik urruti kokatzen gara, hortaz, sozialdemokrazia izan beharko luke estatus berriaren oinarria”, azaldu du.

Estatus politiko berri baten beharra politikaren “lehen lerrora” eramatea eskatu du Ruiz de Eginok. “Aste osoa daramagu fiskalitateaz eta AHTak nondik pasa behar duen eztabaidatzen. Zentzugabekeria da. Eztabaidak askoz ere onuragarriagoak izango lirateke herritarrentzat, herri ikuspegi batetik egingo bagenitu eta ez lurralde interesetatik. Herri txiki bat gara, baina komunitate handi bat”. Ildo horretatik eskatu du EAEko legealdi honetako helburua estatus berria onartzea izatea. “Batzuk abertzale harroak gara, eta Erabakitzeko Eskubidearen aldeko gehiengo politikoa dago, baina guztiok gure bizi-kalitatea hobetu nahi dugu. Gernikako Estatutuak jada ez du balio herri bezala aurrean ditugun erronkei aurre egiteko”, gehitu du bozeramaileak.

Bermeon egin ditu adierazpenak, Alkartasuna Fundazioak antolatutako Itsas Gudari Egunean. Estatus politikoa eta erabakitzeko eskubidea izan dira, hain zuzen, eguneko gai nagusia. Hauen inguruan aritu dira ‘Demokrazia. Erabakia. Subiranotasuna’ solasaldian. Autodeterminazioa eta independentziarako bidean Euskal Herriak dituen erronka eta aukerei heldu die ekitaldiak. Estatutu berriaren proposamena, Europar Batasunean argitasun esparru baten beharra eta negoziazio politikoari buruz hitz egin da, besteak beste.

Gasteizen legebiltzarkide eta EH Bilduko Politika Instituzionaleko arduraduna, Unai Urruzuno Urrestik, prozesuan aurrera egiteko leihoa identifikatu du. “Madrilen beste gobernu bat dago, ez dut kalifikatuko baina beste bat da, eta Euskal Herritik abiatuta aukera berria landu behar dugu”.

Idurre Bideguren Gabantxo, koalizio independentistaren senataria eta Bermeoko alkate ohia, solasaldian aritu da ere. Estatuko erakundeetan subiranotasunaren alde egiten den lanari buruz hitz egin du. “Herri bezala guregan eragina duten gaiei buruz hitz egiten den eremuetan dauden negoziazioetan parte hartzearen garrantzia erakusten ari gara”. Esan duenez, “Estatuaren egoera eta unea batetik, eta hauteskundeetako emaitzek bestetik, gure kabuz erabakitzeko ireki duten zirrikitua aprobetxatu behar dugu”.

Gizarte eragileen hitzak ere entzuteko aukera egon da. Gure Eskuko ordezkari Irantzu Perello Lafuenteren hitzetan “gure helburua herria ez lokartzea da. Guztiok batera bultza eginez, gure herria aske izatea lortu dezakegu, ez dugu zergatik Konstituzioaren menpe egon behar”.

Zelai Nikolas Ezkurdia legelariak, bere aldetik, erabakitzeko eskubidea Europako legerian kokatu du. Hain zuzen ere bermeen araubide europarra defendatu du auziaren balizko irtenbide bezala. “Tresna aproposa izan daiteke hain oinarrizkoa den erabakitzeko eskubidea lortzeko bidean aurrera egiteko”.

WhatsApp Image 2025-03-02 at 13.28.43 (3) WhatsApp Image 2025-03-02 at 13.28.43