Euskaraldiari esker 220.000 aho bizi eta belarri prest izan gara egun euskarak dituen molde, aurreiritzi eta gizarteratzeari zartakoa eman eta euskararekiko beste harreman bat posible dela konturatu garenak.
Mad Muasel, Fermin Muguruza eta La Furiak kantatzen eta dantzatzen duten 21. Korrikaren abestiari esker, euskal kultura noraino hedatu daitekeen konturatu gara, ahoak bizi, belarriak prest, baina batez ere buruak zabalik baldin baditugu.
Eusko Jaurlaritzak EAEko hedabideei ematen dien dirulaguntzei esker, belarri eta aho bete hortz jakin dugu euskara hutsean plazaratzen diren argitalpenak direla laguntza gutxien jasotzen dituztenak.
Hiru adibide isolatu izan daitezke akaso, baina hiruek, bakoitza bere esparrutik, galdera bat uzten digute airean: zertarako nahi dugu euskara?
Euskara izan daiteke hizkuntza soil bat, komunikatzeko tresna. Horrela bada, duen karga kulturalaz eta identitarioaz erantsi beharko genuke eta beste edozein mintzaira bezala, ahalik eta gehien hedatu, neutralki, gure gizartean.
Euskara izan daiteke euskal senaren eroalea, halakorik balego. Horrela bada, balio jakin batzuekin jantzi beharko genuke, eta beste edozein mintzaira ez bezala, esparru batzuetara mugatu, ondo gorderik, gure gizartean.
Euskara izan daiteke elementu kultural bat gehiago, folklorearen sinbolo. Horrela bada, zor zaizkion azterketa guztiak egin ondoren –filologiko, antropologiko, soziologiko…- erakutsi beharko genuke, museoetan akaso, gure gizartean.
Euskara izan daiteke… finean, euskara izan daiteke bakoitzak nahi duena, eta norberak erabili dezake nahi duenerako. Baina izan dadila, eta erabil dezagula egunero eta gogoz!